36ko gerratik erregistratu gabeko 42 gorpu topatu dituzte Begoñako hilerrian

Guztira gerraren ondorioz hil ziren 76 pertsonaren gorpuak desobiratu dituzte. Bilboko defentsan hil zirenen senideei Gogorara jotzeko eskatu diete

Bilboko udaletxean aurkeztu zituzten aurkikuntzak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
1936ko gerrako hildako 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu hobi komun batetik Aranzadi zientzia elkarteak Begoñako hilerrian, Bilbon. Horietatik 42 orain arte desagertutakoenak ziren, erregistratu gabeko hildakoenak. Guztira, hilerri osoan gerran hil ziren 76 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Atzo aurkeztu zituzten aurkikuntzak Bilboko udaletxean, udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkoekin.

Gorpuzkiekin batera, munizioa, txanponak, botak eta txapak aurkitu dituzte, besteak beste. Aurkitutako arrastoengatik, ELAren, UGTren eta anarkisten batailoietan ibilitako «gudari eta milizianoak» direla uste dute. Bertan izan da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta hildakoen inguruko xehetasunak eman ditu: «Bilboren defentsan parte hartu zuten ideologia askotako pertsonak [dira]. Gudari eta miliziano gazteak, bizitza gobernu legitimoa defendatzen eman zutenak. Askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren gazteak». Bilboren defentsan hildakoen senideei Gogora institutura informazioa emateraager daitezela eskatu die Artolazabalek. Beharrezko kasuetan, DNA lagin bat ere utzi ahalko dute. Izan ere, aurkitutako gorpuzki guztiei proba genetikoak egingo dizkiete hildakoen identifikazioan laguntzeko.

Ezustekoa izan zen Aranzadikoentzat hainbeste gorpu aurkitzea, erregistroek lauren berri ematen zutelako. Horixe esan du Carmen Coch proiektuko arkeologia zuzendariak: «Bagenekien bertan lau gorpu zeudela, baina ez genekien lau aurkitu beharrean 46 aurkituko genituela guztira». 42 ak frontean hildakoak dira, seguruenik Artxandako batailan. Zauriak eta metraila zatiak ikus daitezke hezurretan, eta ikertzaileek ondorioztatu dute 1937ko ekainaren 15 eta 18 artean lurperatu zituztela. «Gudari eta milizianoez» gain, bando faxistako errekete bat ere aurkitu dute.

Lourdes Errasti Memoria Historikoaren alorreko Aranzadi zientzia elkarteko zuzendariak adierazi duenez, agian ez da azkena izango. «Hau ustekabe bat izan den moduan, besteren bat ere ager daiteke».

Ikasteko aukera

2021eko urrian ekin zioten Begoñako Argia proiektuari Aranzadikoek. Bilboko Udalak adierazi zuenean 2006tik itxita zegoenhilerria kendu eta parke bat egiteko nahia zeukala, zientzia elkartekoek iritzi zuten aukera ona zela ikasleei indusketa mundua erakusteko. Harremanetan ipinitakoan, diruz laguntzea erabaki zuen udalak. Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak azaldu duenez, «orain arte memoria historikoaren alorrean lan egiteko aukera izan ez duten ehun ikaslek baino gehiagok» hartu dute parte bertan, eta Espainiako bost unibertsitate aritu dira elkarlanean EHUrekin. 1813an zabaldu zuten, baina XX. mendeko hazkundearen ondorioz, txiki geratu zen. 1943an itxi zituzten lurperatzeak hobietan, eta 2003an, panteoienak. Mende bi hauetako guztia hustean, 2.200 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte. Otsailean, gainera, karlistaldietako hobi komun bat aurkitu zuten, «bigarren ehorzte maila batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.