«Erlojuaren kontra» dabiltza, baina ahal duten guzia egin nahi dute. Intxorta 1937 elkartea ikerketa bat egiten ari da 36ko gerratik ihesi Gipuzkoatik erbestera joan ziren umeei buruz, eta laguntza eskatu diete herritarrei, ume izandako horiek identifikatu eta haien datuak, ibilbidea, argazkiak eta testigantzak jasotzeko. «Oso inportantea da», nabarmendu zuen atzo Julia Monge elkarteko kideak. Edozein informaziori buruz egin zuen aipamena, baina batez ere lekukotzez: «Elkarrizketak egiteari kristoren balioa ematen diogu; ze, zoritxarrez, oso gutxi gelditzen dira». Horietako gehienak hilda edo hagitz zaharturik daudelako: «Azken testigantzak dira».
«Gero eta zailago» egiten ari zaie lekukotzak biltzea, eta horregatik egin zuten agerraldia atzo Intxorta 1937 elkarteko kideek eta Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendariak: herritarrei, zerbait jakinez gero, haiengana hurbil daitezela eskatzeko. Orain arteko lanaren berri ere eman zuten: 36ko gerran erbestera joandako gipuzkoar jatorriko 6.819 ume identifikatu dituzte jada, Gipuzkoako 57 herritakoak. 3.468 gizonak dira, eta 3.300 bat emakumeak.
Intxorta 1937 elkarteko kideak azken bi urteotan ibili dira Euskal Herriko zein atzerriko artxiboetan arakatzen, aldundiaren laguntzaz, eta horren emaitza da lortu duten zerrenda, uste zuten baino luzeagoa. Memoria elkarteko boluntarioek «lan mardula» egin dutela nabarmendu zuen Gambrak atzo. Bildu dituzten 6.000tik goiti gerrako umeetatik 3.139 «Frantziara» joan zirela jakinarazi dute, 1.796 Kataluniara, 466 SESBera, 334 Belgikara, eta 180 Erresuma Batura. Baina badira herrialde gehiago ere, tartean Latinoamerikakoak.
Dena den, asmoa ez da zerrenda bat osatzea soilik, eta horregatik egin dute informazio gehiago bilatzeko deialdia. Jakinarazi dutenez, dagoeneko gipuzkoar jatorriko 45 gerrako umeri egin diete elkarrizketa, eta egiteko moduan gehiago egon daitezkeela susmatzen dute: ez dakite zenbat. Horietako aunitz, gainera, ez ziren sekula Euskal Herrira itzuli, eta horrek zailtasun erantsia dakar pertsonak bilatzerako orduan, nabarmendu dutenez.
Gambrak aitzinatu duenez, ikerketarekin segitu ahala asmoa dute gerrako ume horiei aitortza ekitaldi bat egitea: «Otsail aldera edo». Egitasmo gehiago ere badituzte aurreikusiak: erakusketa ibiltari bat egitea, erraterako. Harremanetan jartzeko helbide bat eman dute, eta eskatu dute idazteko, kasuren baten berri izanezgero:[email protected].
Gipuzkoaren berezitasuna
Josu Chueca Intxorta 1937 elkarteko kidearen arabera, gerrako umeena da memoria historikoan «gutxien» landu den alorra, eta atzo azaldu zuen, gainera, berezitasun bat duela Gipuzkoak: «Nahiz eta Bizkaiko espedizioak ezagunak diren, erbestea orokorrean eta umeena zehazki Gipuzkoan hasi zen». Horregatik da garrantzitsua probintzia horretako umeen ihesa ikertzea, haren hitzetan. Irun jarri zuen atzo adibide: «1936ko irailean ia hustu egin zen. Bidasoaren bertze aldera igaro ziren herritarrak, eta erbesteko problematika anitzi bide eman zien horrek». Donostia ere astebetera «hustu» zela kontatu zuen, eta Bizkairantz egin zutela anitzek alde, ondotik itsasontziz antolatutako bidaietan ihes egiteko. Bertze leku batzuetan ez bezala, ordea, uste dute Gipuzkoan modu antolatuan ihes egin ez zuten anitz egon daitezkeela: horiek zailagoak dira identifikatzen, elkartekoen hitzetan.
Mongek zehaztu zuen atzeman dituzten gerrako ume gipuzkoarretatik 2.773 donostiar jatorrikoak direla: «Badakigu badirela askoz gehiago». Horregatik, lanketa berezia eginen dute Gipuzkoako hiriburuan: ekainaren 27an eta 29an eta uztailaren 11n eta 12an bulego bat irekiko dute aldundiko egoitzan, Gipuzkoa plazaren eta Peñaflorida kalearen artean, kasuak eta testigantzak jasotzeko —10:00etatik 14:00etara egonen dira—. Bertze hainbat lekutan ere jarri dituzte bulegoak: Irunen, Eibarren, Soraluzen, Tolosan eta Andoainen. Herri horietako memoria elkarteei eskerrak eman dizkiete, laguntzeagatik.
36ko gerratik erbestera joandako Gipuzkoako 6.819 ume identifikatu dituzte
Intxorta 1937 elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eskatu diete herritarrei, haien datuak, argazkiak eta testigantzak jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu