36ko gerran borroka antifaxistara lotutako nazioarteko boluntarioen memoria berreskuratuko dute

Ehundik gora identifikatu dituzte, eta herritarrei eskatu diete dokumenturen bat edo informazioren bat izanez gero haiekin harremanetan jartzeko. 2026an liburu bat eta dokumental bat egin asmo dituzte.

Azurki eta Gambra erakutsi duten dokumentazioari buruzko Arroyoren iruzkinak entzuten gaurko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Azurki eta Gambra erakutsi duten dokumentazioari buruzko Arroyoren iruzkinak entzuten gaurko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko apirilaren 9a
14:44
Entzun 00:00:0000:00:00

«Dolores Ibarruri kamarada maitea: 1936ko abuztuaren 8an iritsi naiz Irunera, Bruselatik, Belgikatik, gerra hasi eta hiru astera. Han medikuntza ikasi nuen, eta alderdi komunistako kidea naiz». Pierre Martel ezizenarekin izenpetuta dago Abram Gostynskiren gutun horren hasiera, eta, gisa horretako dozenaka dokumentu pilatu ostean, 1936ko gerran faxismoaren kontra borrokatzera etorritako nazioarteko boluntarioen kopurua uste baino handiagoa izan zela ondorioztatu dute Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak. Eskura zituzten dokumentuekin jo zuten Gipuzkoako Foru Aldundira, eta, ikerketa lerro bat irekitzeko adina informazio bazegoela ondorioztatuta, bide berri bat ireki dute: 36ko gerran nazioartetik etorritako boluntarioen memoria berreskuratzea eta duintzea.

Azurkirekin eta Arroyorekin batera, Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak eman du egitasmo horren berri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako prentsa aretoan. Francok 1936ko uztailaren 18an eman zuen estatu kolpea, eta orduan hasi zen gerra. Gipuzkoa bi hilabetean erori zen, errepresio basati baten ostean. Ikerlariek harritzeko moduko dokumentazioa topatu dute, boluntarioek eskuz idatzitako dozenaka gutunen artean. Ehun boluntariotik gora identifikatu dituzte, hainbat herrialdetatik etorriak, besteak beste Belgika, Alemania, Ukraina, Italia, Kroazia, Austria eta Poloniatik.

Gerra hasi eta faxismoari aurre egiteko bizpahiru astera nola boluntarioak iristen hasi ziren erakusten dute dokumentuek, baita gerraren izugarrikeriak ere. Identifikatu dituzten ehun izenetatik, 50i aurpegia ere jarri diete. Haietariko bat da Estera Zilberberg Estoucha-ren historia, erizain judu komunista poloniar batena. Hura Belgikatik iritsi zen Irunera, Gipuzkoara. Gipuzkoa erori ostean segitu zuen frontean Araban eta Bizkaian. 1937ko Durangoko bonbardaketa bertatik bertara bizi izan zuen. Horiei buruz idazten zuen Mujeres emakume antifaxisten aldizkarian. Bigarren mundu gerran ere borrokatu zen. Atxilotu egin zuten, eta kontzentrazio esparru batean izan zuten. Bizirik atera zen handik ere. Haren semeak, Georges Waysandek, amaren bizialdiari buruzko liburu bat idatzia du. Hori euskaratzen ari dira ikerlariak, eta Estoucharekin berarekin dokumental bat ontzen ari dira.

ESTERA ZILBERBERG 'ESTOUCHA', 1936KO GERRAN BORROKA ANTIFAXISTARA LOTUTAKO ERIZAIN JUDU KOMUNISTA POLONIARRA
Estera Zilberberg Estoucha, 1936ko gerran borroka antifaxistara etorri zen erizain judu komunista poloniarra. BERRIA

Belgikatik etorritako beste hiru troskistaren berri ere izan dute arakatze lanetan: Rene Pasque, Louis Boulanger eta Pierre Schavitz. Haiek ere 1936ko abuztuan iritsi ziren Irunera. Frontetik astero idazten zituzten gutunak, euren aldizkari politikoan argitara zitezen. Ikerlariek azaldu dutenez, testigantza oso zehatzak dira, Irunen lehen lerroan arnasten zen giroaren lekukotza zuzenak. Haien bidez jakin da, esate baterako, Pasque borrokaren lehen lerroan hil zela obus batek bete-betean harrapatuta.

Laguntza eske herritarrei

Arakatze lanetan jakin dute, halaber, Irunen izan zen kontzentrazio esparruan 500 preso atzerritar baino gehiago izan zirela. Ikerketaren lehen pausoak ematen hasiak dira, horrenbestez, eta laguntza eskatu dute. Herritarren parte hartzea eskatu dute. «Historia txikiek idazten dute letra larriz idazten den Historia», esan du Azurkik. Hargatik eskatu du haiekin harremanetan jartzeko inork etxean entzuna badu zerbait 1936ko gerran izandako nazioarteko boluntarioen inguruan, edo horrekin lotutako dokumenturen bat edo gutunen bat gordea badu. Honako helbide elektroniko hau sortu dute horretarako: internazionalistak@gmail.com. Helburua da 2026an liburu bat argitaratzea bildutako informazio guztiarekin, eta dokumental bat ere jorratzea.

Bai foru aldundiarentzat, bai ikerlarientzat, garrantzitsua da herritarrek parte hartzea memoria historikoaren eta giza eskubideen alorrean, askotariko ahots, ikuspegi eta ekarpenak jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.