«Gerra ezinezko egin behar da, bere izugarrikeriaren konplize bihur ez gaitezen». 1937an Juanita Mir ezizenarekin Juana Mirrek La Tarde egunkarian idatzitako testu bateko esaldia da, gaurkotasun handia duena, duenez. Mujeres fusiladas. La memoria ausente dokumentalean gogorarazten dute esaldi hori, eta harilkatzen da, bide batez, emakume askok gerra hartan eta osteko diktaduran pairatu zutenarekin.
1936ko Francoren estatu kolpearen ostean piztutako gerraren izugarrikerien pasarte batzuk jasotzen dituzte dokumentalean. Juana Mir bera da horietako bat, Monica Calvok azaldu duenez. Calvo antropologiaren galbahetik murgildu da artxiboetan, garai haietako emakumeen bizialdietan gerrak utzitako arrasto sakona ikertzeko.
Mirri buruz dio lehen eskuko informazioa zuela gerran gertatzen ari zenaz. Are gehiago, publikoki salatu zuen alemaniarrak eta italiarrak zeudela aireko bonbardaketen atzean, Francoren propaganda makineriak esaten zuenaren kontra: «Juana Mirrek idazten zituen testuak oso argiak eta gerraren kontrakoak ziren. Mirrek jendea hiltzen ikusten zuen, eta esaten zuen hori ez zela posible, horrek gelditu behar zuela».
Hain zuzen, hori salatzeagatik fusilatu zuten 1937ko abuztuan, Derioko hilerrian, Bizkaian.
Memoria Eraikiz egitasmoak sustatuta sortu zuten dokumentala, 2019an, ETBren eta Gogora-ren elkarlanaren ondorioz. Dokumentalean kontatzen dute frankismoak zer egin zuen emakumeak zigortzeko, emakumeek nola izan zituzten bestelako zigor batzuk emakume izate hutsagatik, nola izan ziren atxilotuak, epaituak eta fusilatuak...
Calvoren arabera, apenas dagoen zuzeneko testigantzarik, baina adierazi du egia dela garai haietan bizi izandakoez ahoz aho kontatutako guztia, eta guztiz sinesgarria, patroi berari jarraitzen diotelako. Besteak beste, zigor hauek ezartzen zitzaizkien frankismoak ezarritako erregimenaren menetik irteten ziren emakumeei: burua ilez soildu, olioa edanarazi beherakoa eragiteko... Horrez gainera, Calvok uste du agerikoa dela atxilotuak izan zirenetako batzuek sexu abusuak ere jasan zituztela: «Ez daukagu testigantzarik, baina zantzuak badira. Izan ere, atxilotu eta bederatzi hilabetera haur bat jaiotzen bada, horrek pentsarazten dizu bortxaketa baten ondorioz izan zela. Eta halakoak gertatu ziren. Komisarietan dena iluna zen. Ez digute uzten Guardia Zibilaren eta Poliziaren datuetan sartzen».
Epaiketa azkarrak
Emakumeak zigortzeko akusazioei buruz, berriz, Calvok dio patroi berari jarraitzen ziotela kasu gehienetan: matxinada militarra egoztea. Hau da, frankisten kontrako giroa sustatzea edo haiei eraso egitea, eta antifrankistak laguntzea. Sei hilabetetik heriotza zigorrera arteko kondenak zeuden akusazio horietarako. Akusazioa behin eginda, epaiketa sumarisimoak egiten zituzten, hau da, defentsarako aukerarik gabe eginikoak. Itxurazko epaiketak izan baino minutu batzuk lehenago jakinarazten zitzaien abokatuei zer leporatzen zitzaien emakumeei. Epaia gero bat etortzen zen akusazioarekin.
Fusilatu zutenetako beste emakume bat izan zen Bertha Peña. Sozialista zen, Sestaokoa (Bizkaia), ezkondua eta bost alaben ama. Ez zuen etxetik kanpo lanik egiten. Senarrak La Naval ontziolan egiten zuen lan, Bilbo ezkerraldeko ingurune industrial betean, langile mugimendu sutsua zegoen aroan. Peña sozialista militantea zen, eta aktiboki hartzen zuen parte manifestazioetan, aldarrikapenetan eta abar.
Bizkaia erori zenean, 1937ko uztailean, Santanderrera atera ziren ihesi, Espainiara. Senarra frontean zen, eta 1937ko abuztuan Santandertik itsasontzian ateratzekoa zela atxilotu zuten Peña bost alabekin. Portuan atzeman zituzten. Itsasontzi berean ekarri zituzten Bilbora, atxilotu, eta Sestaon espetxeratu, Txakurtegia deitzen zioten tokian. Bost alabak noraezean geratu ziren 5 eta 15 urte bitartean zituztela.
Heriotza zigorra ezarri zioten Peñari 1937ko azaroan, eta 1938ko martxoaren 12an fusilatu zuten, Derion. Ana Naranjo haren lagun sozialista ere pixka bat geroago fusilatu zuten.
Gurutzada katolikoa
Calvok azpimarratu nahi izan du gerra frankistaren egitekoa: «Ez zen gerra hutsa izan; gurutzada katoliko bat izan zen. Gerra hasi zutenak faxistak ziren, eta, gainera, katolikoak. Haien ustez, aberria degeneratua zegoen, eta esaten zuten Espainia afeminatua zegoela, urrundu egin zela benetako maskulinitatetik. Aberriak maskulinoa eta gogorra izan behar du, eta ahultzen ari zela zioten. Zergatik esaten zuten hori? Emakumeek ordura arte gizonenak ziren eginbehar batzuk hartu zituztelako. Izan ere, emakumeak kalean zeuden, politikan esku hartzen zuten, galtzak janzten zituzten...».
Horrenbestez, emakumearen emantzipazioaren eta burujabetzaren ikur izan zitezkeen portaerei zigor bidez erantzun zien frankismoak. «Ez zuten egitaterik behar zigortzeko; jarduteko modu baten kontrako errepresioa zen. Garaitu eta garaileen eskema erakutsi behar zuten, nagusitasuna nork zuen argi gera zedin».
«Garaitu eta garaileen eskema erakutsi behar zuten, nagusitasuna nork zuen argi gera zedin»MONICA CALVO
Ikertzailea
Hargatik, ez zuten edozein emakume hautatzen zigortzeko, eta zigorrak berak ere eredugarriak izaten ziren gainerakoentzat. «Uste dut batez ere emakumeei eginiko ohartarazpenak izan zirela. Emakumeak etxearen zaintzaile izan behar zuen, eta eredugarria, Pilar Primo de Riverak esandakoa oinarritzat hartuta: semea mundura aterako da, eta alaba, etxezulora. Horregatik sortu zuten sail femeninoa izenekoa, ildo haietan emakumeei formakuntza eman eta haiek zuzentzeko».
Helburua zen emakumea fisikoki eta emozionalki doktrinatzea, modu jakin batzuetan jokaraziz. «Esaterako, emakumeek ezin zuten gaitasun intelektualik erakutsi, are gutxiago gizonen aurrean, gizonak gutxietsiak izaten baitziren hala, eta haien maskulinitateari eragin». Eta horretarako beldurra erabili zuten metodo gisa, zigor eredugarriak ezarriz.
Izu ikararekin batera, isiltasuna nagusitu zen. Izugarrikeria horiek guztiak ez ziren kontatzen, zigortuak izateko beldurraren beldurrez. «Gerra amaitu ostean, ezabatu egin zen, existitu ez balitz bezala, errepublikanoak existitu ez balira bezala. Garailea edo garaitua zinen, eta garaituak ez ziren existitzen ez kalean eta ez historian. Liburuetan eta elkarrizketa publikoetan ez zegoen transmisiorik. Fusilatuko zituzten beldurrez, horretaz ez hitz egitea transmititu zen».
Tresna asko erabili zituzten jendea isilarazteko. Adibidez, laguntzak ukatzen zizkieten lan arloan, etxebizitzan, hezkuntzan… sare oso bat zegoen antolatuta frankismoaren doktrinarekin bat ez etorriz gero zigortzeko. «Begi asko eta belarri asko zeuden kontrol sozialean, eta jende asko salbatu zen isildu zelako».
Horren guztiaren abiapuntua izan zen gerra, erregimen frankista ezartzeko. Gerra ezinezko egin behar zela zioen Mirrek, eta, Calvoren irudiko, «sekulako gaurkotasuna dauka esaldi horrek».