«Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea». Baina bide hori egiteko prest dago Sare: «Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian». Euskal presoak «etxean izaterainoko» bidea egin nahiko luke haien eskubideen aldeko mugimenduak, eta jarria du horretarako hurrengo ibilbidearen data: irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen martxa bat eginen dute, Lesakatik Berriozarrera. Gauez eta egunez ibiliko direla jakinarazi zuten atzo Lesakan egindako agerraldian: guztira 74 errelebo eginen dituzte, 72 orduz atsedenik gabe ibiliz, 352 kilometro osatzeraino.
Sareko kideek atzo jendaurrean nabarmendu zutenez, «pixkanaka bada ere» aldatzen ari da euskal presoen egoera, «hiru hamarkada baino gehiagoren» ondotik. Ohartarazi zuten, halere, «pertsona askoren esfortzuari esker» lortu dela hori: «Euskal Herriko herritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio, eta, noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimaren esfortzuari esker».
«Bigarren fasea»
Sarek konponbidearen «bigarren fasean» sartu nahiko luke, eta horri «indartsu» ekiteko antolatu dute Nafarroako martxa, «salbuespenezko espetxe politika» eten dezatela eskatzeko. Adierazi dute «atzean» utzi nahi dutela «legea eskubideak urratzeko erabiltzen zuten garaia».
352 kilometro, 74 errelebo eta 72 ordu, presoak «etxean izateraino»
Irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen martxa bat antolatu du Sarek. Gau eta egun ibiliko dira, Lesakatik Berriozarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu