Eskumen kontu bat baino gehiago, finantzaketa arazo bat da». Eztabaidaren muinera jo du Jose Manuel Amezaga Guardiako alkateak (Araba, PP). Orain arte, udalek beren gain hartu dituzte zenbait udal zerbitzu, gizarte zerbitzuekin loturikoak bereziki, eta hainbat azpiegituren mantentze lanak, horien ardura norena zen argi ez zegoen arren. Eskumen horiek zehaztu eta horiek nola finantzatu du xede Eusko Jaurlaritzak legebiltzarraren eskuetan utzi duen Udal Lege egitasmoak.
35 urte igaro dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek jarraitzen dute euren eskumenak eta horien finantzaketa arautuko duen legerik gabe. Adingabeak dira oraindik ere, autogobernu maila eskasarekin. Gainetik dituzten erakundeen menpe —Eusko Jaurlaritza eta diputazioak—.
Lehendakari guztiak ahalegindu dira gabezia hori konpontzen, baina denek arazo berarekin egin dute topo. «Honen guztiaren atzean, funtsean, euskal instituzioetako botere banaketa dago», dio Jose Antonio Santanok, PSE-EEko Irungo alkateak (Gipuzkoa). Antzera pentsatzen du Eneko Maioz Orexako alkateak (Gipuzkoa, EH Bildu).
Legebiltzarrean dago lege proiektua. Eta aurreko saioetan ez bezala, diputazioek ez dute helegiterik jarri instituzioen arteko eskumen gatazkak konpontzeko Ebazpen Batzordean. Hortaz, alderdiek dituzten zalantzak eta kritikak legebiltzarreko tramitazioan azalduko dituzte, zuzenketen bidez. Jaurlaritzaren asmoa da maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik onartzea legea, udal gobernu hautatu berriak has daitezen legea garatzen. Baina bozen gertutasuna eta batzuen eta besteen jarrerak ikusita, ez da erraza izango garaiz iristea, iristen bada.
Jeltzaleak baikor dira, halere. Ana Otadui Elorrioko alkateak azpimarratu du diputazioekin eta Eudelekin batera lan egin duela Jaurlaritzak, eta aurrera egiteko borondatea agertu dutela instituzio guztietako ordezkariek negoziazioetan. «Egitasmo honek udalon aldarrikapen historikoak jasotzen ditu, eta, gainera, une jakin batean dator: Madrilek eskumenez hustu nahi ditu udalak eta guk lortu dugu udal sistema propio bat egikaritu ahal izatea. Guk erabaki ahal izango dugu hemen gure eskumenak, eta eskumen bakoitzak izango du bere finantzaketa bidea bermatuta».
Hitza eta erabakia
Hark dioenaren kontrara, EH Bildu, PSE-EE eta PPko alkateek uste dute hori ez dagoela behar beste zehaztuta. Sozialistek, adibidez, uste dute «handitu» egiten dela udalek diputazioekiko duten «menpekotasuna». Era berean, koalizio subiranistako hautetsiek diote finantzaketaren zenbatekoa adosteko erabakiguneetan udalak ez daudela behar bezala ordezkatuta. PPko alkateek ere zalantzak agertu dituzte horrekin, baina oinarrian ados daude hartu den bidearekin. EAJko hautetsiek, aldiz, uste dute «oreka bat» bilatu dela auzian inplikatuta dauden hiru instituzioen artean: Jaurlaritza, diputazio eta udalen artean.
Udalen aldarrikapen historikoetako bat izan da Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan hitza eta botoa izatea. EAJko eta PPko diputazioek, baina, ez dute inoiz begi onez ikusi hori, eta helegiteak jarri dituzte hori proposatu duten lege egitasmoen aurka. Patxi Lopez sozialistaren agintaldian, adibidez, hala egin zuten Arabakoak eta Bizkaikoak, eta legearen tramitazioa blokeatu zuten.
Banaketa «desorekatua»
Egun, kontseiluak hiru partetan banatzen du dirua: kupoa estatuarentzat, ekarpena Jaurlaritzarentzat eta zati bat diputazioentzat; eta ondoren, diputazio bakoitzak erabakitzen du udalerriei nola banatu —udalek euren finantzaketaren %40-50 diputazioetatik jasotzen dute—.
Lege egitasmoaren arabera, diputazioek jarraituko dute zehazten udaletarako diru sailak, baina aurreikusten da, orain arte ez bezala, udalek —Eudelen bitartez— hitza eta botoa izatea kontseiluan; baina ez bertako erabakigune guztietan. Batetik, Jaurlaritzak eta diputazioek erabakiko dute diru banaketaren multzo nagusia, eta ondoren, diputazioek udalekin. Lehen negoziazio horretan, udalek hitza izango dute, baina ez botoa. Legea onartuz gero, Herri Dirubideen Kontseiluan udalerrien hiru ordezkari sartuko lirateke aurreneko aldiz, lurralde historiko bakoitzeko bana —diputazioek ere bana izango lukete eta Jaurlaritzak beste hiru—.
Sozialistak kritiko azaldu dira lege egitasmoan zehazten den botere banaketa horrekin. Jaurlaritzak legebiltzarrean duen lehentasuneko kideak ez du bere jarrera argitu, baina ohartarazi du ez duela erabat gustuko hori, eta oso litekeena dela zuzenketen bidez aldaketak egitera «behartzea».
Zehazki, Santanok salatu du legea onartzen bada diputazioen «zaintzapean» jarraituko dutela udalek, eta hori «atzerapausoa» dela haien autonomian. Uste du diputazioek pisu handiegia dutela Herri Dirubideen Kontseiluan; batez ere, udalentzako finantzaketa zehazteko orduan —beste inork ez bezala, bi batzordeetan dute hitza eta erabakia—. Era berean, Irungo alkatea kezkatuta azaldu da banaketa ez ote den egingo alderdiek Herri Dirubideen Kontseiluan duten pisuaren arabera, eta ez udalen beharren arabera. Eta hor, gaur egun, jeltzaleek dute nagusitasuna, alde nabarmenarekin.
PSE-EEkoaren iritziz, beraz, hori konpondu ahalko litzatekeJaurlaritza eta diputazioen arteko negoziazioan udalei botoa emateko eskubidea aitortuz. «Goian erabakitzen denak eragina daukabehean: udaletan», azpimarratu du Irungo alkateak
PPko alkatea ere kezkatuta azaldu da horrekin. Amezagak uste du «gehiago argitu» behar dela Herri Dirubideen Kontseiluaren funtzionamendua, eta zehazki,«bermatu» egin behar dela bertan parte hartzen duten ordezkarien «pluraltasuna». Hala ere, Amezaga «konforme» agertu da lege egitasmoarekin, PPren Arabako udal eta kontzejuetako ordezkarien eskaera gehienak aintzat hartu dituelako gobernuak.
EH Bilduko alkateak ere heldu dio gaiari, eta bereziki Eudelek organigrama horretan betetzen duen egitekoarekin azaldu da kezkatuta. Lege egitasmoak dio «EAEn ezarpen handiena duen udalerrien elkarteak» aukeratuko dituela udalerrien izenean Herri Dirubideen Kontseiluan parte hartuko duten ordezkariak. Gaur-gaurkoz, Eudel da gisa horretako erakunde bakarra. Aldeak alde, Udalbiltza da bestea, baina bertan ez dute parte hartzen EAJ, PSE eta PPko udalek. Hori hala izanik ere, Maiozek uste duEudelek ez duela ordezkatzen udalen gehiengoaren iritzia. «Udalen elkargo bat baino gehiago alderdien elkargo bat dela dirudi; alderdien zuzendaritzetatik zuzentzen den erakunde bat. Hori konpontzen ez bada, alderdi gutxi batzuen kudeaketapean dauden udal batzuk baino ez ditu ordezkatuko», salatu du —Eudelen zuzendaritzatik kanpo geratu zen Bildu, EAJk PSE-EE eta PPrekin eginiko akordio bat dela medio, eta ordutik ez du bozketetan parte hartzen—.
Otadui eta Santano ez datoz bat azalpenarekin. EAJkoak azpimarratu du Eudelen jarduna «erabat demokratikoa» dela. «Eudelen Batzar Orokorrean alkate guztiek dute botoa eta hor osatzen diren gehiengoek zilegitasun osoa dute. Norbaitek bere burua organo horretatik kanpo uzten badu, berak jakingo du zergatik». Antzera pentsatzen du PSE-EEkoak, baina hura prest azaldu da EH Bildukoak ere «eroso» sentituko diren udal elkargo baten alde lan egiteko. «Udalen mugimendu indartsu bat behar dugu».
Politika publikoak
Eudelen inguruan mahaigaineratutako arazoarekin batera, Maioz kezkatuta azaldu da lege egitasmoak ez duelako behar bezala argitzen zenbait eskumenen finantzaketa, bereziki «herritarren ongizatean» eragina duten eskumenak; besteak beste, larrialdietarako laguntza sozialak. «Lege egitasmoak ez du behar adinako arretaz jorratzen. Hanka motz geratzen da», salatu du Orexako alkateak.
Kezka bera azaldu dute Amezagak eta Santanok. Eta hori da, hain justu, Udal Legea garatzeko aurreko saioek izan duten beste oztopoetako bat. Hain zuzen, Jaurlaritzaren eta diputazioen politika publikoen diseinuan parte hartzeko modurik ez dutela udalek. «Legebiltzarrean egiten dira legeak, eta, kasu askotan, guri dagokigu horiek garatzea, Jaurlaritzaren laguntzarik gabe», azaldu du Amezagak.
Otaduiren arabera, hori bermatuta geratzen da Jaurlaritzaren proposamenean. Horretarako bi erakunde sortzea aurreikusi baitu gobernuak: Tokiko Politika Publikoen Udal Kontseilua eta Tokiko Gobernuen Batzordea. «Udalen autonomia bermatzeko sortzen dira bi erakunde horiek, eta kontrol eta aholku emaile gisa funtzionatzen dute, lege eta foru arauak egiteko orduan udalen partaidetzarako mekanismo gisa», azaldu du Otaduik. Sozialistek, «printzipioz» egoki ikusten dituzte bi «tresna» horiek, baina uste dute haien funtzionamendua gehiago zehaztu behar dela; PPko eta EH Bilduko hautetsiek ez dute horri buruzko iritzirik.
35 urte, eta adingabe
Aurretik eginiko saio guztiek porrot egin dute. Urkulluren gobernuak, baina, maiatzeko udal bozen aurretik onartu nahi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen eskumenak eta finantzaketa zehaztuko dituen araua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu