33 pertsonatik batek armak erabiltzeko baimena dauka Hego Euskal Herrian

Baimendutako 162.735 arma zeuden iaz, eta gehienak suzko armak ziren. Nafarroa da arma gehien dagoen lurraldea.

Eskopeta bat. FREEPIC.DILLER
Eskopeta bat. FREEPIC.DILLER
2024ko abuztuaren 26a
17:00
Entzun

87.756 herritarrek zeukaten armak erabiltzeko baimena iaz Hego Euskal Herrian, 33 biztanletik pertsona batek gutxi gorabehera. Espainiako Barne Ministerioaren urtekari estatistikoaren arabera, baimendutako 162.735 arma zeuden denera lau herrialdeetan.

Nafarroa da armen baimena daukaten pertsona gehien dituen lurraldea, 27.754 lagunek baitaukate baimen hori; Bizkaian eta Gipuzkoan datuak antzekoak dira, 25.335 eta 24.965, hurrenez hurren; Araban, ordea, 9.702 herritarrek dute armen baimena.

Nafarroan daude baimendutako arma gehien ere: 51.708. Araba da, era berean, arma gutxien dauden lurraldea ere: baimendutako 16.922 arma daude. Armen baimenetan ez bezala, Gipuzkoak Bizkaia baino baimendutako arma gehiago ditu: 48.522 arma daude Gipuzkoan, Bizkaian baino 2.939 gehiago. Batez beste, armen baimena duen pertsona bakoitzak 1,85 arma baimendu ditu.

Baimendutako armen artean, arma mota desberdinak daude. Baimendutako arma gehienak suzko armak dira: motzak, marradura luzekoak, eskopetak... Denera, baimendutako armen 160.025 dira. Horietatik 129.489 eskopetak eta arima laua duten beste suzko armak dira, eta Gipuzkoan eta Nafarroan daude ia hirutik bi. Horrez gain, 2.329 aurrekargako arma daude baimenduta. 

Gazteek, gutxiago

Adinari dagokionez, 60 eta 69 urtekoa da armen baimenak dituzten herritar gehienen adin tartea. Denera, 21.988 baimen dituzte, ia lautik bat. Hurrengoak 50 eta 59 urte artekoak dira, eta 21.315 baimen dituzte.

Adina jaitsi ahala, biztanle gutxiagok daukate armen lizentzia. Iaz, 395 adingabek zeukaten lizentzia, eta horietatik 215 nafarrak ziren. 18 eta 29 urte artean 5.215 lagunek zeukaten lizentzia, eta ia erdiak ziren nafarrak.

Bestalde, denera 4.861 arma suntsitu zituzten iaz Hegoaldean. Suntsiketa gehienak Bizkaian egin ziren, 1.590 denera, eta arma guztietatik 3.000 eskopetak eta arima lauko beste suzko armak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.