301 positibo gehiago atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak 6.730 proba egin dituzte, eta positibo tasa %4,47 da.

Jende ilara, txertoa hartzeko. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 31
13:18
Entzun

Behera ez, gora ere ez (oraingoz). COVID-19aren transmisio kurbak beheranzko joera argia erakutsi du azken asteetan Hego Euskal Herrian, baina jaitsiera hori eten egin da. Bukatu berri den astean, aurrekoan baino positibo gehiago atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta igoera nabarmena ez bada ere, joera aldaketa ikus daiteke grafikoetan.

Atzo, 301 positibo gehiago atzeman zituzten Hegoaldean. Aurreko egunetan baino gutxiago dira, baina, asteburuetan askoz test gutxiago egiten direla aintzat hartuta [6.730 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo], positibo tasa ez da gehiegi mugitu: %4,47 da orain, izurria «kontrolpean» dagoela esan ahal izateko OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako langaren azpitik. Gaur jakinarazitako positibo kopurua aurreko asteko igandeko datuekin alderatuz gero, igoera oso apal bat nabaritu daiteke: 13 kasu gehiago. Ikusteko dago kutsatzeen igoera hori joera bihurtuko den eta oraingoa bi olaturen arteko geldialdia den, ala etenaldiaren ostean, transmisioak beheranzkoari eutsiko dion.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19ak jota. Horietako bat, Nafarroako Ospitale Guneko ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, zuzenean. Oraintxe, 109 gaixo larri daude Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ospitaleetako ZIUetan.

Azkenik, COVID-19a zuen 69 urteko gizonezko baten heriotzaren berri eman du Nafarroako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.