Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak 300.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri dio Verter Recycling 2002 SM enpresari, «laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau hauste oso larriagatik». 2020ko otsailean amildu zen Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia, eta luiziak azpian harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak.
EAEko Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu zenez, Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari Angel Lapuentek ezarri dio zigorra enpresari, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei Buruzko Legearen testu erantsiko 13.10 artikulua oinarri hartuta: «Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betez lan baldintzei aplika dakiekeen beste edozein prebentzio neurri ez hartzea, baldin eta lan baldintza horien ondorioz langileen segurtasun eta osasunerako arrisku larria eta berehalakoa sortzen bada».
Zigorra ezartzeko prozesuaren beste zenbait datu ere ematen ditu ebazpenean; besteak beste, epeen berri. Argitaratutakoaren arabera, Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Inspekzioak iazko irailaren 13an egin zuen arau-hauste akta, eta ebazpena aurtengo martxoaren 1ean iritsi zen; apirilaren 11n bihurtu zen behin betiko, haren aurkako helegiterik aurkeztu ez zutelako. Halere, zigorra buletinean argitaratzeko agindua irailaren 27an eman zuen Lapuentek, bost hilabete geroago, eta herenegun argitaratu zen.
Bien bitartean, enpresa likidazio prozesua egiten ari da. Iazko irailaren 21ean, inspekzioak akta bideratu eta zortzi egunera, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Verter Recycling 2002 SM enpresaren likidatzeko erabakia. Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzaile eta presidentearen bi iloba izendatu zituzten likidatzaile, zabortegiaren kudeatzailea zena bata, Arrate Bilbao Barinaga, eta enpresaren akziodunetako bat bestea, Elena Susaeta Barinaga.
Zigorraz gain, Jaurlaritzak urrian iragarri zuen 28,7 milioi euro eskatu zizkiola enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan ziren lanengatik. Enpresak 15,1 milioi euroren mozkin garbiak izan zituen ireki zutenetik.
Ikusi gehiago:Zaldibarko zabortegia egonkorra zela zioten teknikoek ez dute deklaratu
300.000 euroko zigorra ezarri diote Verterri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu