Urtero egin ohi duen udaberriko ekitaldia berriz egin zuen Ernai gazte antolakundeak asteburuan, eta milaka gaztek egin zuten bat harekin; zehazki, 3.000k, Ernaik ohar baten bidez jakinarazi duenez. «Pozik» agertu da COVID-19ak etetera behartu zuen jaialdia berriz hartu izanagatik eta izan duen erantzunagatik.
Zugarramurditik abiatuta, Erratzurainoko (Nafarroa) martxa egin zuten lehen egunean, eta Elizondon egin zituzten ondorengo bi egunak. «Aisialdi eta musika eskaintza zabalaz gain, eduki politikoan sakontzeko aukera ere izan dugu», azaldu du Ernaik oharrean. Haren arabera, «hurrengo ziklo politikorako aldarrikapenez, borrokez eta eraiki beharrekoez» hausnartu dute Elizondon; hala nola aliantza feministez, migrazioaz, abertzaletasuna eraberritzeaz, osasun mentalaz, nazioarteaz eta ekologismoaz.
Halaber, Europan gertatzen ari diren prozesu independentistetan gazteek duten estrategiaz ere aritu ziren, Marina Gispert Arran Herrialde Katalanetako gazte antolakundeko kidearekin eta Oisin O Siochain Ogra Shinn Fein Irlandako gazte antolakundeko kidearekin batera, larunbat goizean.
Independentziaren beharra aldarrikatu zuten ekitaldi nagusian ere. Gazteak «desjabetze bortitz bat» pairatzen ari direla salatu zuen Ane Alaba Ernaiko bozeramaileak, eta, horren aurrean, bestelako «mundu» eta bestelako «bizitza» bat eraikitzera dei egin zuen, Euskal Herriaren burujabetzatik abiatuta. Azaldu zuenez, horren beharra «inoiz baino agerikoagoa» da: «Estatu bat behar dugu, euskarak biziraun dezan. Estatu bat behar dugu, lana eta aberastasuna banatu ahal izateko. Estatu bat behar dugu, aske sentitzeko eta maitatzeko. Estatu bat behar dugu, ama lurra suntsituz aberastu nahi dutenei muga jartzeko. Eta estatu bat behar dugu, nola ez, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko».
Bide hori egiteko, «euskal errepublikaren aldeko nahia eta borondatea batu» beharra nabarmendu zuen Alabak, «balio eraldatzaileetan» oinarrituta: feminismoan, sozialismoan, ekologismoan, antifaxismoan eta euskararen aldeko borrokan.
«Faxismoaren gorakadaz» ere ohartarazi zuen Alabak: «Kaleak hartzen ari dira. Hemen daude». Aurre egitera deitu zuen: «Ultraeskuina geratuko dugu aske bizi nahi dugulako, aske maitatu nahi dugulako, aske sentitu nahi dugulako, aske egin nahi dugulako larrutan. Argi izan dezatela: ez dira pasatuko».
«Gune seguruak» helburu
Ernaik aitortu du jaigunea ez zela «denontzako espazio segurua» izan, eta «hainbat eraso» matxista izan zirela ostiralean eta larunbatean. Halakoei erantzuteko protokoloa aktibatu eta «uneko erantzuna eta kudeaketa» eman zietela azaldu du gazte antolakundeak. Aurrerantzean egingo dituzten udaberriko ekinaldiak ere «guztiontzako gune seguruak» izan daitezen lanean jarraituko dutela erantsi du.
3.000 gazte izan dira Ernairen gazte martxan, antolatzaileen arabera
Burujabetzaren beharra «inoiz baino agerikoagoa» da, Ernairen hitzetan. Eraso matxistak salatu ditu: «Ez da denontzat espazio segurua izan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu