Hirurehun pertsona baino gehiago bizi dira muturreko pobrezian Donostian

Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea elkarteek salatu dute udalaren zerbitzuak ez direla nahikoa, eta kalean bizi direnen kontrako jazarpena handitu dela.

Bi etxegabe Atano III.a pilotalekuaren kanpoaldean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Bi etxegabe Atano III.a pilotalekuaren kanpoaldean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 10a
17:00
Entzun

Muturreko pobrezian bizi direnak gero eta gehiago dira Donostian, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea (HHS) elkarteen arabera. Gaur egun hirurehun pertsona baino gehiago bizi dira muturreko pobrezian Gipuzkoako hiriburuan. Bi elkarte horiek egoera salatu dute Konstituzio plazan egindako prentsaurreko batean. 21 elkartek bat egin dute haien salaketekin.

Pobre bizi direnei afariak ematen dizkien jendeak osaturiko herri ekinaldi bat da KAS. Hiru urte dira lanean ari direla. Berrehun afari bero baino gehiago ematen dituzte egunero, Donostiako hiru lekutan. Egitasmoak herritar anonimoen lanari, diruari eta elkartasunari esker egiten du aurrera.

«Oso kezkatuta gaude, gero eta jende gehiago etortzen baita afaltzera», azaldu du Ixiar Gonzalez Gurrutxaga KASeko eta HHSko kideak. Adierazi dute ez dutela modurik haiengana jotzen duten guztiei afaltzen emateko.

Herritar horiek kalean edo argirik eta urik gabeko etxeetan bizi behar izaten dute, hala-hola, eta KASek emandako afaria izan ohi dute eguneko otordu bakarra. Hiru hilean behin bost gau pasatu ditzakete udal aterpetxean, eta astean behin dutxatzeko eta hilabetean behin garbigailua jartzeko tiketak eskura ditzakete. Garazi Montuschi Mujika KASeko eta HHSko kideak salatu du «emakumeak eta familiak» ere badaudela egoera horretan.

Ataka horretan daudenen egoera hobetzeko, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diete gehiago inbertitu dezatela gizarte politiketan, eta gelditu ditzatela murrizketak. «Murrizketak eginda, egoera horretan daudenek ez dute alde egingo, segurtasunik eza larriagotuko da, eta gizarte gisa lotsagarri utziko gaituzue», esan die Montuschik erakundeei.

Donostiako Udalak bi programa ditu muturreko pobrezian daudenentzat: Otorduak eta Giza Larrialdietarako Udal Zerbitzua (GLUZ). Otorduak programako parte hartzaileek Donostiako tabernetan jateko kupoi bat eskuratzen dute. GLUZek errolda lortzeko jarraipena egiten du.

Udal zerbitzuak, «gainezka»

KASek eta HHSk salatu dute Donostiako Udalak baliabide gutxi eskaintzen dizkiela muturreko pobrezian daudenei. Otorduak programa eta Giza Larrialdietarako Udal Zerbitzua «erabat gainezka» daudela ohartarazi du Montuschik: «Otorduak programak 65 pertsonentzako lekua du, baina berrehun lagunetik gorako itxaron zerrenda dago». Hala, adibide gisa jarri dute Gasteizko Udalak Bidelan jantoki zerbitzuarekin egindako lana: 120 bazkari eta afari ematen ditu egunero, eta eramateko gosariak ere bai. Gainera, gizarteratzeko eta laneratzeko ikastaroak emango dituzte.

GLUZi dagokionez, Donostian baliabideak murriztu dituztela esan du Montuschik: «Dokumentazioa lortzeko diru laguntzak kendu dituzte». Gainera, ordua lortzea gero eta zailagoa dela eta erabiltzaile bakoitzari eskainitako denbora laburregia dela adierazi du (hamabost minutu). Horrez gain, udal aterpetxea txiki geratu dela eta dutxarako eta garbigailurako tiketak azkarregi emaitzen direla ere salatu du.

KASen eta HHSren iritziz, egungo gizarte eta harrera politikak nahikoak dira Donostiako Udalarentzat, «arlo horretan ez delako irabazi ekonomikorik lortzen». Bi elkarte horientzat, ordea, gizarte politiketako inbertsioa handituz zera lortuko litzateke, ongizate kolektiboa hobetzea eta gizarte bazterkerian daudenak gizarteratzea eta integratzea. Espainiako Atzerritarren Legea «arrazista eta klasista» dela salatu dute, eta baztertuta daudenei zaildu egiten diela bizirik irautea. 

«Murrizketak eginda, egoera honetan daudenek ez dute alde egingo, segurtasunik eza larriagotuko da, eta gizarte gisa lotsagarri utziko gaituzue»

GARAZI MONTUSCHI MUJIKAKASeko eta HHSko kidea

Zerbitzuen murrizketa gaitzesteaz gain, KASek eta HHSk nabarmendu dute presio poliziala eta esku hartze aporofobo eta arrazistak ugaritzen ari direla. Donostiako Udalari eta Udaltzaingoari egotzi dizkiote jarrera horiek. «Indarkeriazko etxegabetzeak, abusu fisiko eta emozionalak, etengabeko miaketak, intimitatearen urraketa, ondasun baliotsuak desjabetzea eta agintearen aurkako atentatuen salaketa susmagarriak gehitu dira», azaldu du Gonzalezek. Elkarteen kontrako jarrerak izan dituztela gehitu dute: konturatu ziren poliziak grabatu egin zituela afariak banatzen ari ziren bitartean.

Gonzalezek polizia indarkeriako kasu bat ere aipatu du: «Udaltzain batek gure boluntario bati fisikoki eraso zion, eta lotan zegoen tokitik indarrez atera. Gero, udaltzainaren aurkako atentatua egitea egotzi diote». Salaketa hori lehenbailehen kentzeko eskatu diote Donostiako Udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.