POLITIKA

300 lagunek eskatu diote Jaurlaritzari har ditzatela Poliziaren biktima gisara

Auzitegi Konstituzionalak bigarren aldiz babestu du polizia abusuen EAEko legea. Martxan dago biktimen balorazioa egiteko batzordea

PPko ordezkariak, legea eztabaidatu zuten bilkuran, protestan. DAVID AGUILAR, EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 30a
10:45
Entzun

Bigarren aldiz jaso du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren onespena Poliziaren Indarkeriaren Biktimen EAEko Legeak. PPk jarri zuen helegitea, esanez «errugabetasun presuntzioa eta zuzenbide estatuaren printzipioak» urratzen dituela. Lehenago Ciudadanosek jarri zuen helegitea. Biak atzera bota ditu auzitegiak, esanez ez dagoela urraketarik. Legea indarrean da, eta biktimek aukera dute hala izenda ditzaten eskatzeko: 300 herritarrek baino gehiagok egin dute eskaria jada.

Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, konstituzioa betetzen du EAEko legeak. Izan ere, ondorioztatu dute ez dela sartzen epaileen zereginetan, legearen helburua ez baita poliziak epaitzea, indarkeria jasan duten biktimak erreparatzea baizik. Auzitegiaren arabera, legearekin ez da urratzen errugabetasun presuntzioa.

Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du epaia. «Albiste bikaina da gure herrian bizikidetza plural eta demokratiko baten alde urratsak egiteko», adierazi du Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak. Legearen bidez errekonozimendua egin nahi diete 1978 eta 1999 artean Poliziaren indarkeriaren biktima izan zirenei. 2016an onartu zuten legea Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra jo zuten PPk eta UPDk. Iaz erreformatu egin zuten legea, Espainiako Gobernuak helegiterik ez jartzearen truke. Aldaketaren mami nagusia hau izan zen: delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dutela aurrez auzitegiek ebatzitakoa. Bozketan, EAJk eta PSE-EEk babestu zuten aldaketa, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta aurka egin zuen PPk. Horren ostean iragarri zuen PPk auzitara jotzeko asmoa. Auzitegi Konstituzionalean jarri zion helegitea, eta orain iritsi da epaia.

Eskaerak aurkeztea
Uztailean iritsi zen beste epai bat, Ciudadanosek jarritako helegite bati buruzkoa, eta orduan ere babestu zuen legea Konstituzionalak. Hori ikusita, Jaurlaritzak jada martxan jarri du biktimen balorazioa egiteko batzordea, Artolazabalek azaldu duenez. Uztailean hasi zen bilerak egiten batzordea, Konstituzionalaren lehen sententziaren ondoren. Sailburuak iragarri du «legealdi osoa» joango dela erreparazio lan horretan.

Biktima izaera eskatzeko aukera zabalik dago, eta 300 eskaera jaso dituzte orain arte. Epea luzatu egin dute, 2021eko abendura arte. Eskaera bakoitzari erantzuteko bi urteko epea du batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.