30 urtez euskaraz zuzen-zuzen idazten

Bihar 30 urte beteko ditu Xuxenek, euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoak. Haren sortzaileek ikusten diote etorkizuna, baina uste dute adimen artifizialera egokitu beharko dutela.

Ezkerretik eskuinera: Cortes, Arregi eta Alegria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ezkerretik eskuinera: Cortes, Arregi eta Alegria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Akixo idatziz gero, berehala azpimarratzen du gorriz, eta ematen du aukera zuzena zein den: kaixo. Akats ortografikoak zuzendu ez ezik, hizkuntza baztertzailea saihesteko ohartarazpenak ere egiten ditu: legegizon idatzita, berdez azpimarratzen du, baita hobetsitako proposamena eskaini ere: legelari. Xuxenen lanak dira, euskaraz idatzitako testuak zuzentzen dituen aplikazio informatikoarenak. Bihar beteko dira 30 urte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldeak hura aurkeztu zuenetik. Hala definitu du Xuxen haren sortzaileetako batek, Iñaki Alegriak: «Xuxen zuzentzaile ortografiko bat da, gaur egun ofimatikan eta beste aplikazio batzuetan integratuta zuzen dagoena». Harago joan da Itziar Cortes, Elhuyarreko kidea: «Xuxen erreferente bat da euskaraz ondo idazteko. Xuxen denok ezagutzen dugu, euskaraz idazten badugu».

1994. Orain 30 urte. Nolakoa zen orduan euskararen presentzia informatikaren arloan? «Hutsaren hurrengoa». Hitz gutxi behar ditu Xabier Arregik egoera deskribatzeko. Arregi Ixa taldeko kidea zen garai hartan, eta Hitz zentrokoa da egun. Gehiago xehatu ditu bere hitzak: «Garai hartan, hasteko, hizkuntzaren erabilera ez zegoen hain hedatua teknologiaren arloan, informatikaren arloan». Euskara, hizkuntza gutxitua izaki, are gutxiago: «Euskaraz ez zegoen ezer, ezer ez».

«Xuxen erreferente bat da euskaraz ondo idazteko. Denok ezagutzen dugu, euskaraz idazten badugu»

ITZIAR CORTESElhuyarreko kidea

Ixa taldekoek zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. Arregi: «Hasi ginen esaten: ‘Euskaraz idazten duenari nolabaiteko laguntza eman behar zaio, eta beste hizkuntzek —hizkuntza handiek behintzat—zuzentzaile ortografikoa baldin badute, zergatik ez euskarak?’». Gainera, euskara batuaren akuilu ere izan asmo zuten: «Bazegoen behar bat euskara batuaren erabilera zabaltzeko eta estandarizatzeko. Beti esan izan da garai hartan Euskaldunon Egunkaria-k zer-nolako ekarpena egin zion euskara batuari. Ez dut parekatu nahi Xuxenen ekarpena Euskaldunon Egunkaria-k egindakoarekin, baina, batetik, prentsa idatziaren bidez euskara egokia irakurtzen genuen egunero, eta, bestetik, Xuxenek erraztasunak eman nahi zituen euskaraz zuzen idazteko».

Pentsatu eta ekin. Arregik azaldu duenez, euskararentzat balio zuen eredu bila hasi ziren: «Beste hizkuntza batzuetan, hitzen zerrendak egiten ziren, eta ikusten zen idatzitakoa bat zetorren zerrenda horretako hitzen batekin; bat baldin bazetorren, zuzena zen, eta bestela, ez». Horrek, baina, ez zuen balio euskararentzat: «Badakigu etxe zuzena dela, baina etxearentzako? Kate hori zuzena al da? Guztiekin zerrenda bat egitea pentsaezina zen garai hartan».

Beste zerbait behar zuten, euskararentzat baliagarri izango zen eredu bat. «Galdera nagusia hau zen: Zein eredu erabiliko dugu euskara bezalako hizkuntza eranskari bat daukagunean?». Finlandian egin zuten topo halako batekin. Garatzaileekin jarri ziren harremanetan, eta baleko teknologia iruditu zitzaien, Arregik azaldu duenez. «Neurri batean, haien bidetik jo genuen».

«Xuxen izango zen aurrenekoetariko zuzentzailea hizkuntza gutxituen artean»

 XABIER ARREGIIxa taldeko kide ohia eta Hitz zentroko kidea

Hori izan zen proiektuaren zutabeetako bat, parte informatikoa. Beste bi ere izan zituen, Alegriaren esanetan: euskararen morfologiaren azterketa eta software komertzialetan integratzea, jendeak erabil zezan. Azken urrats hori Hizkia enpresak egin zuen.

Lehen edizioa, kalean

Eta iritsi zen 1994ko irailaren 29a; egun hartan aurkeztu zuten Xuxen, euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa. Aitzindari izan ziren. Hala azaldu du Arregik: «Xuxen izango zen aurrenekoetariko zuzentzaile ortografikoa hizkuntza gutxituen eta euskara bezalako hiztun komunitate txikia zuten hizkuntzen artean». 

Aitzindari eta erreferente. Ulertzeko, adibide bat eman du Arregik: «Galdetzen zigutenean zertan ari ginen, esaten genuen: ‘Lengoaia naturalaren prozesamenduan edo hizkuntzalaritza konputazionalean aritzen gara’. Hori esanda, inork ez zuen ulertzen zertan ari ginen. Baina esaten genuen: ‘Xuxen gure artean sortu da’. Orduan ulertzen zuen jendeak». Areago joanda, Alegriak nabarmendu du lortu zutela «produktua eta marka bat izatea»: «Jende askorentzat, zuzentzaile bat Xuxen bat da».

Garai hartarako aurreratuak izan ziren, baina egungo Xuxenetik ordukora badago aldea. Elkarrizketara Xuxen jartzen duten kaxa bana hartuta joan dira Alegria, Arregi eta Cortes. Lehen edizio hartan, formatu hauxe baitzuen Xuxenek: kaxa bat, eta barruan bi diskete. Diskete bakoitzak bi megabyteko gaitasuna zuen, Arregik azaldu duenez: «Guretzat asko zen, eta, gaur egun, erridikulua da». Diskete horiek ordenagailuan sartuta instalatzen ziren. Gero, idatzitako testuak Xuxenen itsatsi, eta hark adierazten zuen zer zegoen gaizki, azpimarratuta. «Eta formatu guztia errespetatzen zizun: izenburua, letra lodiak... Hori Hizkiak egindako lanagatik izan zen. Testua eta formatua ondo bereizten zituen, testua zuzentzen zuen, eta formatua lehen zegoen bezala uzten zuen».

XUXEN ZUZENTZAILEA - AURKEZPENA
Xuxen zuzentzailearen aurkezpena, orain dela 30 urte. ANDER GILLENEA

Berez edonoren eskura jarri zuten tresna, baina egoera ez zen egungoa: «Garai hartan, saldu egiten zen, eta garestia zen; software guztiak ziren garestiak. Gainera, oraindik ordenagailuak iristen ari ziren etxeetara», azaldu du Alegriak. Beraz, hasieran, sektore jakin batzuetan erabili zuten, batez ere. Hiru identifikatu ditu Arregik. Bat: irakaskuntza. «Ordurako argitaletxeek-eta sortzen zuten material didaktikoa, eta behar ziren tresnak hizkuntza zuzenean sortzeko erraztasunak emateko». Bi: administrazio publikoa. «Udalak, aldundiak, Jaurlaritza... euskaraz funtzionatu nahi zuten erakundeak ziren». Eta hiru: hein txikiago batean, enpresak. «Uste dut enpresek orokorrean bide hori beranduago egin dutela». Oro har, harrera «oso ona» izan zuela dio Arregik: «Gure sentipena zen ekarpen bat egiten geniola euskalgintzari. Sentitzen genuen behar bat bazegoela, eta jendea oso esker oneko agertu zitzaigun. Esaten zuten: ‘Honekin gauzak zuzendu ditzakegu, formaren batek Euskaltzaindiaren azken arauak errespetatzen dituen ala ez dudan egon gabe’».

Urtez urte aldatzen

1994tik ez dira 30 urte alferrik igaro. Bosgarrena izan da oraingoz azken bertsioa, Elhuyarrek merkaturatutakoa Ixa taldearekin elkarlanean. Xuxen orain «proiektu oso bat» dela nabarmendu du Cortesek: «Webgunea dago, Officerako instalatzailea, software librerako hiztegia, Indesingen erabil daiteke...». Batez ere, webguneak duen garrantzia nabarmendu du: «Erabiltzaile asko ditu, eta ez ditu zuzenketa ortografikoak bakarrik egiten: estilo zuzentzaile bat ere badaukagu, integratuta, eta atzematen dizkigu genero aldetik markaren bat eduki dezaketen hitzak ere». Eta, proiektua eguneratuta, erreferente izaten jarraitzen dutela nabarmendu du Alegriak: «Orain badaude software batzuk zuzentzaile ortografikoa dutenak, baina, Xuxen ez denez, nabaritzen da kalitate aldetik».

Proiektuak osasuntsu jarraitzen du, baina «inflexio puntu batera» iritsi direla uste du Cortesek, jokalari berri bat sartu baita joko zelaian: adimen artifiziala. «Xuxenek adimen artifizialaren testuinguruan kokatu behar du». Izan ere, orain testuak beste era batzuetara egiteko moduak zabaldu dira, Arregik azaldu duenez: «Aldaketa kualitatibo esanguratsua gertatu da. Lehen, gizakiok sortzen genituen testuak; orain, gizakiek ez ezik, makinek ere bai. Are gehiago: gizakiok sortzen ditugun testu horietan ere, agian hasierako bertsioa makinak sortutakoa da, eta horren gainean egiten ditugu moldaketak».

«Software batzuek zuzentzaile ortografikoa dute, baina, Xuxen ez denez, nabaritzen da kalitate aldetik»

IÑAKI ALEGRIAIxa Taldeko kide ohia

Horrek «beste panorama bat» eragiten duelakoan dago: «Gaur egun ere tresna hauek beharrezkoak dira; orain lehen bezalako erabilpena izan behar dute? Ez dut uste; egokitu behar dira, eta egokitze fase horretan gaude».

Orain, beraz, Xuxenek eman beharreko hurrengo pausoak marrazten ari dira. Gako bat dagoela uste du Cortesek, zuzentzailea testua sortzeko zein momentutan sartu asmatzea: «Jakin behar dugu nola iritsi erabiltzailearengana, zuzentzailea zein puntutan sartu behar dugun, azken erabiltzaileak ondo idatz dezan». Azken finean, Xuxenek orain 30 urteko helburu bera izaten jarraitzen baitu. Hala uste du Arregik: «Gaur egun, sekulako ahala dago testuak sortzeko, baina zer iritzi daukagu euskaraz sortzen diren testuen kalitateari buruz? Teknologiak egin duen aurrerapen honekin ase gaitezke?». Ezezkoan dago: «Behar ditugu bestelako baliabideak euskaraz sortzen diren testu horiek hobeak eta zuzenagoak izan daitezen. Beharra badago, inoiz baino gehiago». Eta galdera bota du: «Nola erabiliko dugu Xuxen proiektua adimen artifizialak ekartzen duen testu sorkuntzan zuzentasunari begirako ekarpena egiteko? Hori da gakoa; uste dut badaudela aukerak, baina asmatu behar dugu». Cortesek ikusten dio etorkizuna proiektuari: «Xuxenek jakin du egokitzen garaian garaikora, eta horretan jarraituko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.