«Oso urte gogorrak izan ziren. Jende asko galdu genuen bidean, baina, aldi berean, indar handiz bizi izan genituen urte haiek, gure eskubideen alde borrokatu behar baikenuen». Joseba Errekalde mintzo da, hiesaren aurkako Harri Beltza elkarteko lehendakaria. Elkarteak 30 urte beteko ditu aurten, eta gaur bertan aurkeztu dute uda honetako kanpaina, 28.a, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Errekalderen ondoan izan da elkarte horretako kide Elias Arizmendi.
Abenduaren 1ak daukan garrantzia ukatu gabe —Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da—, Harri Beltzako kideei hasieratik iruditu zitzaien «oso gutxi» zela gaiaz urtean behin bakarrik hitz egitea. Hori dela eta, udako kanpaina bat abiaraztea erabaki zuten, ondorioztatu baitzuten jendeak harreman gehiago izaten dituela udan. «Urtea bukatzen denean, Osakidetzak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Plana egiten du, eta apiril aldera, datuak publikatu. Beraz, guk datu horiek aprobetxatzen ditugu gure ikuspuntua emateko, gaixoen elkarte bat garen aldetik», azaldu du Errekaldek.
Bi helburu nagusi ditu elkarteak, Arizmendik azaldu duenez: gizartean prebentzioa sustatzea, eta GIBdunei eta haien familiartekoei emozionalki laguntzea. Bigarren helburuaren inguruan hitz egin du Errekaldek: «Testa egin eta GIB birusa dutela jakiten dutenean, shock egoeran gelditzen dira. Gero, pixkanaka ikasiz joaten dira, eta hor sartzen da parekoen laguntza. Elkarrizketa bat egin edo kafe bat hartzera joaten bagara, pixkanaka hitz egiten has daitezke». Errekaldek 61 urte ditu, eta, azaldu duenez, jendeak ikusten duenean hark zer bide luzea egin duen gaixotasunarekin, ohartzen da «posible» dela birusarekin bizitzea.
Elkartea sortu zen garaitik hona gizarteak gaiari zion beldurra «galdu» duela azaldu dute elkarteko kideek, eta preserbatiboaren erabilera sustatzen jarraitu behar dela. Era berean, oraindik ere hiesaren inguruko klixe asko daudela azaldu du Errekaldek: «Galdetegi bat egin eta galdetuz gero ea seropositibo batekin lan egingo luketen, askok ezezkoa erantzungo lukete». Horren atzean «ezjakintasuna» dagoela esan du, eta heziketaren garrantzia azpimarratu, argudiatuta oraindik «hutsune» handia dagoela hezkuntza eremuan.
Kasuen gorakada
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osatutako Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planean argitaratutako datuen arabera, iaz 134 GIB infekzio atzeman zituzten. 2020an, pandemiaren urtean, kopurua pixka bat apalagoa izan zen —105 zenbatu ziren—, baina, ordutik, gorako joera nagusitu da berriz. Datuak «kezkagarriak» direla uste du Arizmendik.
Gaineratu du GIB kasuekin batera, sexu bidez transmitituriko gainerako infekzioek ere gora egin dutela, hala nola sifilisak eta giza papilomaren birusak. GIBdunen adina jaisten ari dela ere azaldu du, eta gaineratu guztiz zentzuzkoa dela oraindik hiesaren lehen urteetan egin zirenen gisako kanpainak bultzatzea —adibidez, Jar ezazu, jar iezaiozu leloa zuena—. Elkarteko kideek nabarmendu dute datuen gorakada eteteko beharrezkoa dela preserbatiboa erabiltzea, eta are, egoki erabiltzea.
Orain diagnostikatzen diren kasu gehienek gizonezkoei eragiten diete, esan dutenez, eta berantiarrak dira nagusiki, hau da, GIBa dutela jakiten dutenerako «berandu» da askotan. Horrek bi ondorio ditu, elkarteko kideen hitzetan. Alde batetik, tratamenduak zenbat eta beranduago hartzen hasi, okerragoa izaten da pronostikoa. Eta, beste aldetik, birusak zabaltzen jarraitzeko arrisku handia dago. «Horregatik aholkatzen dugu arrisku puntu bat dagoen aldi oro testa egiteko», gehitu du Arizmendik.