Larrialdietako zenbakia, 112. Gaur egun, aski ezaguna den arren, duela 30 urte sortu zen mota guztietako istripuei erantzuten dien telefono zenbaki komuna; urte berean ireki zuten Txurdinagako larrialdietako koordinazio gunea, Bilbon. Lehen koordinazio gunea izan zen Euskal Herrian. Ordura arte, inguruko herrialdeetan ere ez zegoen horrelako zentrorik.
Jose Ignacio Trancho Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzako arduradunak Txurdinagan egin du lan zentroa sortu zenetik, eta aldaketa guztiei gertutik kontu egin die. Haren hitzetan, 1983an, Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzak «argi» ikusi zuen larrialdi zerbitzuetarako «leiho komuna» sortu behar zela. «Ordura arte, larrialdi kasuetan laguntza eskatzeko bide asko zeuden: udaltzainak, suhiltzaileak... eta horri konponbidea aurkitu nahi izan genion koordinazio gunea eta telefono komuna jarrita».
Beraz, bi berrikuntza izan ziren 1983an: batetik, ezbeharren aurka antolatzeko zentroa ezartzea; bestetik, herritarrekin komunikazioa errazteko, SOS Deiak martxan jartzea. Hasieran, Espainiako Gobernuak ez zuen egitasmoa begi onez ikusi, harentzat larrialdien kudeaketa «estatuko» eskumena baitzen. Tranchok azaldu duenez, Espainiak helegitea jarri zion Eusko Jaurlaritzaren proposamenari, baina epaileak Jaurlaritzari arrazoia eman zion.
Txurdinagako koordinazio zentroa sortu zen urtean, beste bi gune eraiki zituzten: Donostian eta Gasteizen. Hiru zentroetan, guztira, 60 pertsonak egiten zuten lan; gaur egun, 115 langilek dihardute beharrean.
Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzako arduradunak dioenez, «hasieran Espainiak alboratu zuen ideia normalizatu egin zen urte gutxira». 1996an, Europako Batasunean, larrialdietarako zenbaki bakar bat jarri zuten, Jaurlaritzaren ideiari jarraikiz. Orduan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 088 larrialdi zenbakia gaur egungo 112 zenbakiarekin aldatu zuten.
Lana egiteko moduaz gain, baliabideak ere aldatu dira koordinazio gunean. Tranchoren hitzetan, «oinarrizko hiru tresnak» erabiltzen dituzte oraindik, baina «aurrerapenak» izan dituzte; telefonoa, informatika eta irratia dira tresnok. «Orain 30 urte, irratiz egiten genuen ia lan guztia: komunikazioa asko aldatu da denbora gutxian», nabarmendu du ordezkariak. Haren aburuz, informatikak izan du aurrerapenik handiena: «Informatikak, gure artean komunikatzeko ez ezik, istripuaren leku zehatza kokatzeko ere balio du, hori pentsaezina zen lehen». Sakelako telefonoen eragina ere «ukaezina» dela adierazi du: «Zerbitzua eskatzen dutenentzat zein guretzat aurrerapausoa izan da». 1997. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, urtean 1.250.000 dei jasotzen ditu larrialdietako koordinazio guneak.
Erreskateetarako baliabideak ere «nabarmen» hobetu direla jakinarazi du Tranchok: «Lehorrez, urez zein airez baliabide bikainak ditugu». Horrekin batera, larrialdi zentroaren aurrekontua ere hazi egin dela olnartu du ordezkariak, baina, haren ustez, luzerako inbertsio onak egin dituzte: «Ez dira denboraldi baterako inbertitutako gastuak, iraunkorrak dira». Erreskateak egiterakoan ere «behar dena» gastatzen dutela esan du Tranchok: «Erreskateak egiten dituztenek ez dituzte kanoiak erabiltzen arkakusoak akabatzeko».
Ohitura onak gordez
Guztia ez da aldatu, ordea, azken 30 urteetan Txurdinagan. Komunikatzeko erabiltzen duten hiztegiari eutsi diote. Tranchok adibide bat aipatu du: «Zerbitzuren bat ezbeharra gertatu den lekura doanean, hirugarren egoera esapidea erabiltzen du; iritsi dela jakinarazteko, laugarren egoera esan ohi du».
Ordezkariak gauza bati eman dio garrantzia; haren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako larrialdi zerbitzuek prebentzio lana egiten dute istripuak gertatu aurretik; zerbitzua aktiboa da. «Larritasuna aurreikusten saiatzen gara, larrialdietan ezin baita inprobisatu». Horretarako erabilitako tresnen artean, Euskalmet zerbitzua aipatu du.
Atzo, Txurdinagako koordinazio gunearen 30. urteurrenean, zentroan bertan izan zen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera.
30 urte eta hamaika larrialdi
Txurdinagako larrialdietako koordinazio zentroa sortu zenetik 30 urte pasatu dira. Urteurrena atzo ospatu zuten, gunean bertan. Urkullu lehendakaria han izan zen, Jaurlaritzako ordezkariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu