30 lagun zauritu dira Astunen, eski estazioko teleaulki bat erori dela eta

Oraingoz ez dute jakinarazi zaurituen artean euskal mendizalerik ba ote dagoen. Zizur Nagusiko 72 gazte estazioan zeuden istripua gertatu denean, baina onik daude.

Larrialdi zerbitzuak, Astunen (Espainia). JAVIER BLASCO / EFE
Larrialdi zerbitzuak, Astunen (Espainia). JAVIER BLASCO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 18a
17:50
Entzun

Istripua izan da Astuneko eski estazioan (Aragoi, Espainia), hango teleaulki bat erori eta han zihoazen eskiatzaileak amildu direla eta. Orotara, 30 lagunek jasan dituzte kalteak: hamar erietxera eraman behar izan dituzte, eta horietatik bi larri daude. Astuneko estazioa oso ezaguna da euskal eskiatzaileen artean, eta euskal herritar asko joaten dira hara. BERRIA Aragoiko larrialdi zerbitzuekin jarri da harremanetan, eta oraingoz ezin izan du baieztatu ospitaleratutako zaurituen artean euskal herritarrik ba ote dagoen.

Istripua gaur goizean gertatu da. Antza denez, kableari eusten zion gurpilaren atal bat hautsi egin da, eta, horren ondorioz, kableak tentsioa galdu du, eta aulkiak astindu. Aulkietan zihoazen eskiatzaileetako batzuk elurretara erori dira.

Aragoiko Gobernuak hasieran emandako datuen arabera, bazirudien istripua oso larria zela: lehenengo informazio horietan «dozenaka zauritu» aipatzen zituzten, eta horietatik bederatzi «oso larri» omen zeuden. «Gertatutakoa argitu ahala, badirudi ez dela hainbesterako izan», azaldu diote Aragoiko larrialdi zerbitzuek BERRIAri.

Zizur Nagusiko gazteak, onik

Eski estazioan Zizur Nagusiko (Nafarroa) 72 gazte zeuden, herriko gaztetxeak antolatutako bidaia batean, eta horietatik bi teleaulkian zeuden istripua gertatu denean, baina den-denak onik daude, eta laster itzultzekoak dira Zizur Nagusira. Bi gazte horiek kolpeak hartu dituzte, eta estazioan bertan artatu dituzte. Zerbitzu medikoek ebatzi dute haien zauriak ez zirela larriak eta ez zela beharrezkoa erietxera eramatea. Orotara, kolpe eta zauri arinak zituzten hogei lagun artatu dituzte estazioan.

Erietxera eraman dituzten hamar lagunetatik, zauri larriagoak zituzten biak Zaragozara eraman dituzte ospitalera. Beste zortzien egoera ez zen hain kezkagarria, eta Jakako erietxean hartu dituzte (Huesca, Espainia).

Nafarroako Gobernuak bi helikoptero, zortzi anbulantzia, suhiltzaileen erreskaterako talde bat eta mediku talde bat jarri ditu Aragoiko Gobernuaren eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.