30 ikastolaren ekitaldiek ordeztuko dute Herri Urrats igande honetan

Dinamika atxikitzeaz gain, diru galerari buru egitea izanen da asmoa. 'Boga' kanpainan ezarritako helburuaren %20 lortu dute bosgarren kolegioaren proiektua ordaintzeko

Jendea Herri Urratsera iristen, orain dela urte batzuk. AURORE LUCAS.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bigarren urtez segidan, Herri Urrats ez da Senpereko (Lapurdi) lakuaren inguruan ospatuko. Igande honetan iragan beharra zen, maiatzaren 9an, baina COVID-19ari aurre egiteko osasun neurriek ez dute ohiko festa antolatzea ahalbidetu. Horren ordez, sinbolikoki ospatuko dute eguna herriz herri prestatu dituzten 30 «Herri Urrats txikiren» bidez. Era berean, Boga kanpainan parte hartuz diru ekarpena egiteko eskatu dute, Seaskaren bosgarren kolegioa irekitzen laguntzeko. «Elkartasunik gabe, ikastolek ez dute irauten ahal», ohartarazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Ikastoletako arduradunak argi du: Herri Urrats euskararen plaza nagusia da Ipar Euskal Herrian, «beharrezko arnasgunea, guretzat eta kanpora begira». Plaza hori gabe dinamika «hautsi» egiten dela erran du. «Beste manera batzuez saiatzen gara, baina zaila da». Herriz herri 30 Herri Urrats txiki antolatzea erabaki dute aurten. Senpereko lakuaren inguruko eskaintza erraldoiaren ordez, ikastolak dituzten herri gehienetan jarduera andana antolatu dituzte, tokian-tokian. Taloak, edariak, plater bereziak, jantzi salmentak, mendi ibilaldia... denetik izanen da. Bi helbururekin: dinamika biziaraztea, eta Herri Urrats ez antolatzeak sortzen duen «galera ekonomikoari» buru egitea. Irabazi guziak Herri Urratsentzat izanen dira.

Urteroko egitasmoaren bidez lortzen dituzten diru etekinak Ipar Euskal Herriko ikastolak ordaintzeko erabiltzen dituzte; «maileguak eta beste», nabarmendu du Jorajuriak. Baita proiektu berriak aitzina eramateko ere. Aurten, bosgarren kolegio bat irekitzeko xedea aurkeztu dute, ikaslez «gainezka» egiten ari den Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa «arintzeko». Hazparne eskualdean edo Azkaine-Senpere inguruan izatea nahi lukete, baina oraingoz proiektua lantzen ari dira, juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki. «Momentuko, goizegi da proiektua aipatu eta data bat emateko», esplikatu du Jorajuriak.

300.000 euro behar dituzte, eta Boga kanpaina abiatu dute horiek lortzeko. Hala nahi duenak aukera du bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko: teilak, ateak, leihoak, berogailuak, igogailua... Hogei eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago Boga.herriurrats. eus webgunearen bidez. Urtarril bukaeran egitasmoa aurkeztu zutenetik, diru zamaren %20 baizik ez dute lortu. «Espero dugu asteburu honetako jarduerak bozgorailu izatea», adierazi du Jorajuriak.

Ekitaldi politikoa

Festarako eta dirua biltzeko ez ezik, aldarrikapenerako momentua ere izan ohi da Herri Urrats. Goizean, agerraldia egin ohi dute Euskal Herriko hautetsi nagusiekin, Seaskaren eskaerak jendaurrean adierazteko. Iragarpenak egiteko ere baliatu izan dute hautetsiek. Hala, baxoko matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera emanen zutela iragarri zuen orain dela urte batzuk Frantxoa Maitia garaiko EEPko lehendakariak.

Ohiko festa eginen ez badute ere, momentu hori atxikiko du aurten ere Seaskak, eta prentsaurrekora deitu du igande goizerako. Bertan izanen dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsia, eta Ipar Euskal Herrikodiputatu eta senatariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.