Ikastolen jaia

30 Herri Urrats Ttiki eginen dituzte maiatzaren 9an, herriz herri

Egoera sanitarioagatik ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatuko du Boga lelopean. Seaskak, bestalde, ikastola bat irekiko du Bardozen, irailean. 

Aurtengo Herri Urrats edizioa aurkezteko pentsaurrekoa egin dute goizean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 13a
12:40
Entzun

Bigarren urtea da pandemiak Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen besta baldintzatzen duela. Ospatu gabe egon ezinik, 30 Herri Urrats Ttiki antolatzea erabaki du Seaskak. Maiatzaren 9an ospatuko dute hainbat herritan, ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatuko baitu. Boga lelopean eginen dute aurtengo aldia. «Itsasoko ekaitza bizi izan genuen 2020. urtean, eta pena handiarekin ikusten dugu 2021eko apirilean ekaitzaren erdian segitzen dugula oraindik. Egoera sanitarioak gorabehera handiak izan ditu, eta olatu guzi horien artean arraun egitea, lan egitea, ez da batere erraza izan», aitortu du Ihintza Bidart Herri Urratseko koordinatzaileak. Halere, Herri Urrats antolatzea beharrezkotzat jo du: «Pandemia ala ez, olatua ala ez, Seaskak bosgarren kolegioa behar du». Izan ere, Seaskak Ipar Euskal Herrian dituen lau kolegioak «gainezka» dira, eta, beraz, bosgarren kolegioa diruztatzeko baliatuko dituzte aurtengo Herri Urrats Ttiki ekinbideak. Herrietako ekinbideez gain, euskaltzale oro deitu dute Herri Urratsen aldeko «keinu» bat egitera, maiatzaren 9an, izan «topa, dantza, kantu edo ateraldi». Ikastola bakoitzak hainbat aukera izango ditu egitaraua prestatzeko, betiere segurtasun neurriak errespetatuz. Jantzi eta janari salmentak, edota ateraldi txikiak antolatzen ahalko dituzte; ikastola bakoitzak emanen du bere egitarauaren berri. 

Bestalde, Boga diru bilketa kanpainarekin segitzen du Seaskak. Urtarrilean abiatu zuten, usaiako diru sartzeak pandemiarengatik arrunt apaldu baitira. Helburua 300.000 euro biltzea da, eta, oraingoz, 45.000 euro lortu dituzte. «Urtero Seaskaren beharrei erantzuteko eta proiektu berriak diruztatzeko lortu beharreko diru kopurua segurtatu behar dugu», azaldu du Beñat Bidegain Herri Urrats elkarteko kideak. Bidegain: «Ez gara salbatuak, aurten da azken epea Herri Urrats normal bat gabe irauteko. Iazko sartzeak ez dira zerotan, halere; jendeak dirua eman baitu, eta herriko etxeek diru laguntzak eman baitituzte. Aurten Boga kanpainarekin ere dirua sarraraziko dugu, baina beti bada kezka hori». Aurtengo diru bilketarekin bosgarren kolegio bat eraikitzeko proiektua eraman nahi du Seaskak. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran du «bide onean» dela proiektua, baina oraindik «goizegi» dela kokapena eta bestelako xehetasunak emateko. 

38. ikastola

Jorajuriak beste berri bat ere eman du: irailetik goiti, Bardozen (Lapurdi) ikastola bat zabalduko dute. Xarnegu eremuko haurrak hartzeko izanen da, eta, oraingoz, lau haurrekin abiatzekoa da proiektua. Seaskak Ipar Euskal Herrian duen 38. ikastola izanen da, eta Euskal Herriko Ikastolen 112.a. Stephanie Chabay gurasoa izanen da ikastola berriko lehendakaria: «Xarnegu eskualdean euskara kinka larrian da; eta Xarnegu ikastola euskararen pizgarri izan dadin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.