Ehunka lagunek egin dute bat Ernai gazte antolakundeak egindako deiarekin, eta ozen aldarrikatu dute libre nahi dituztela irailaren 22tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten 28 gazteak. Manifestazioa egin zuten atzo Donostian, epaiketa «politikoa» dela salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko. Bertan izan ziren haietako batzuk ere, eta esker hitzak izan zituzten babesa agertu dieten guztientzat.
Arratsaldeko seiak pasatuta abiatu ziren Bulebarretik, Gazte borrokaz aske, epaiketa politikorik ez. 28ak libre leloa zeraman pankarta baten atzetik, oihu artean. Batzuk, epaiketen aurkako eta eskubide zibil eta politikoen aldeko Libre dinamikan erreferentzia bihurtu den laranja kolorez jantzita, kamiseta eta zapiekin.
Udaletxe paretik pasatuta, Israel genozida. Palestina askatu leloa zeramaten gazte batzuk inguratu zitzaizkien bidera, eta txaloka erantzun zuten guztiek. Ikurrin pare bat eta Ernairen banderak eskutan hartuta, Parte Zaharrerantz jo zuten. Ez zen Palestinaren aldekoa izan izan txalo zaparrada bakarra, modu berean erantzun baitzuten gazteek Ikatz kaleko Herria tabernatik pasatutakoan ere —Auzitegi Nazionalak zigortutako herriko tabernetako bat da—.
«Gazteak, ez terroristak»
Parte Zaharra alderik alde gurutzatuta, Santa Maria basilikaren aurrean bukatu zuten protesta. Antolatzaileek hartu zuten hitza, eta Segiko kide izatea egozten dieten gazteen epaiketa «politikoa» dela salatu. Seina urteko kartzela zigorra eskatzen diete horregatik, «erakunde terroristako kide» direlakoan. «Gazteak dira, ez terroristak», azaldu zuen manifestarien aurrean Donostiako Ernaiko kide batek.
Auzipetuetako batzuk ere baziren tartean; besteak beste, Jazint Ramirez eta Xalba Ramirez donostiarrak, eta Julen Zuaznabar eta Beñat Lizeaga. Jazint Ramirezek hitz egin zuen guztien izenean. «Eskerrak eman nahi dizkiegu azken urteetan babesa eta elkartasuna erakutsi diguten guztiei», hasi zen. 2010eko urrian eginiko operazio batean eta abenduko beste batean atxilotu zituzten gehienak, eta Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatu egin zituztela salatu zuten gehienek. Zortzi gaztek sarekadei ihes egitea lortu zuten, eta lau bat hilabetez ezkutatuta egon ondoren, Izpuran (Nafarroa Beherea) egindako itxialdiaren ondoren atzeman zituen Frantziako Poliziak.
Ramirezek gogoan izan zituen egun haietan eta espetxean egindako denboran laguntza eskaini zietenak, baita udan beren egoera ezagutarazi eta epaiketa salatzeko lanean ari direnak ere. Manifestazioa abiatu zen lekuan hartu zuen indarra epaiketen aurkako laranja koloreak, Bulebarreko herri harresian. Han atxilotutako gazteei «besarkada bana» bidali zien auzipetuak, baita euskal preso eta iheslari guztiei ere.
28 auzipetuak «aske» nahi dituztela aldarrikatu dute ehunka gaztek Donostian
Manifestazioa egin dute Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzten gazteei elkartasuna adierazteko.Epaiketa «politikoa» dela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu