AHTa Gasteizen eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat hiriburutan sartzeko proiektuetan —sartzea eta geltokiak eraikitzea hartzen ditu aintzat— 7.600 milioi euroko gainkostua dagoela jakinarazi du Espainiako Kontu Auzitegiak, txosten baten bidez. Gasteizen kasuan, %27koa da gainkostua, txostenak aztertu duen aldirako.
Tren lasterra Gasteizen sartzeko protokoloa 2010eko martxoaren 5ean hitzartu zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizeko Udalak. 511 milioi euroko aurrekontua aurreikusi zioten orduan. Geroko proiektuek, baina, 640 miliora igo dute egitasmoa. Gainera, kontu auzitegiak ohartarazi du proiektua gauzatuko ote den “zalantza” dagoela oraindik.
Aldi berean, kontu auzitegiak abisua eman die erakundeei: AHTaren sarrera lur azpikoa izatea oso garestia da, eta aholkua eman dio Sustapen Ministerioari beste aukera batzuk aztertzeko. “Lur azpitik sartzea ez da ezinbestekoa ez zerbitzu on bat eta ez trenbide sarearen funtzionaltasuna bermatzeko”.
Urtarrilean sinatu dute erakundeek Gasteizen lur azpiko konexioa garatzeko proiektuaren protokoloa. Horren arabera, 724 milioi euroko proiektua izango da, eta, beraz, kontu auzitegiak txostenean aipatutako gainkostua motz geratuko litzateke jadanik.