«Bazoaz kultur etxera gela bat erreserbatzera, eta bost langileetatik batek ere ez daki euskaraz. Edo ordutegi batez galdetu nahi duzu, eta bost minutu egon behar duzu zain, langileak ez dizulako euskaraz ulertzen eta beste bati deitu behar diolako». Barakaldoko (Bizkaia) zerbitzu publiko askotan zaila da zerbitzua euskaraz jasotzea, eta ez da errazagoa izango aurrerantzean ere, kultur etxeak kudeatzeko udalak azpikontratatutako enpresari gutxieneko euskara maila eskatzea eragotzi baitu EAEko Auzitegi Nagusiak. Ebazpenarekin «haserre» daude herrian, Sasiburu euskara elkarteko kide Marko Txopiteak azaldu duenez: «Epaileak dio kontuan izan behar dela hemengo egoera soziolingusitikoa. Bada, egoera da 26.000 euskaldun gaudela euskaraz hitz egin ezinda».
«Barakaldo ez da uste den bezain erdalduna», nabarmendu du Txopiteak. Ia 100.000 biztanle ditu herriak, eta 26.251 euskaldunak dira: laurdenak baino gehiago. Duela 30 urte ez ziren 5.000ra iristen. «Euskaldun kopurua handitzen ari da urtez urte, baina erabileran ez dago ohiturarik». Ezagutzaz zein erabileraz aritzean, Euskal Herriko beste gune batzuen aldean «oso atzetik» doazela aitortu du. «Baina potentziala ere ikaragarria da: Barakaldo oso handia da, eta, euskaldunen portzentajea hain handia ez den arren, kopurutan pila bat gara; arazoa da oso sakabanatuta gaudela». Hori dela eta, beso zabalik jasotzen dituzte Euskaraldia eta antzeko egitasmoak: «Euskaldunak batzeko, elkar ikusteko».
Etsipenez eta, aldi berean, indarrez mintzo da Txopitea. Euskararen ahuldadea politika publikoei egotzi die, neurri batean: «Hamarkada askotan PSE egon da alkatetzan: euskararen aldeko sentsibilizaziorik ere ez zegoen. EAJ dagoenetik, hobekuntza sumatu dugu; gauza gehiago egiten dira euskaraz. Horrek ez du esan nahi legea betetzen denik: oraindik pila bat dago egiteko, denon aldetik, ohiturek eta inertziek pisu handia dute eta. Hemen dentista euskaldun bat aurkitzea sekulako marka da!».
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere jasoak ditu hainbat kexa Barakaldoko zerbitzu publikoen harira; tartean, Retuertoko kultur etxeko harreraren inguruko bat jaso zuen iaz: epaiaren eraginpeko zerbitzuetako bat da. «Udalak erantzuten digu herritarrek arrazoia dutela, eta azpikontratatutako enpresei adierazi dietela elebitasuna bermatu behar dutela. Baina kexa gehiago iristen dira», esplikatu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.
Adibideak bata bestearen atzetik atera zaizkio Txopiteari ere: «Liburutegian umeentzako jarduera bat antolatu dugu euskaraz, eta liburuzainak gaztelaniaz egin die: '¿Cómo te llamas?'. Barakaldoko Antzokian orain gutxi arte ez zen ezer programatzen euskaraz». Orokorra da, eta bidea urratu behar izan dute herritarrek: «Urteetan, kultur etxeetan udalak antolatutako ikastaro guztiak gaztelaniaz izan dira. Guk behartu genuen, bazegoelako yoga irakasle bat euskaraz egin nahi zuena: trabak izan ziren, jendeak ez zuelakoan izena emango, baina oso ondo atera zen, eta orain ikastaro batzuk ematen dira euskaraz; gutxi, halere. Ohartu dira badagoela eskaera bat, baina eskaintza ez dago parekatuta, inola ere ez».
Irtenbidea, udalaren ardura
Udalak 2020-2024ko aldirako onartutako ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren diagnostikoak ere aitortu zuen: «Udal administrazioak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan ere ez dago guztiz bermatuta euskararen erabilera; puntu horretan Barakaldoko Udalak eredugarria izan beharko luke». Horregatik da auzitegiaren ebazpena hain «mingarria» Txopitearentzat: «Euskaraz aritzeko eskubidea bermatu baino gehiago, guk diogu bete egin behar dela. Ez baita betetzen: diskriminatuak izaten ari gara gure herrian; salaketak jarri arren, gauzak ez dira aldatzen, eta milaka herritar gara». Erantsi du «guztiz onartuta» dagoela zerbitzu publikoetan euskara erabiltzeko eskubidea: «Epaileak ezin du esan hemen salbuespen batean gaudela egoera soziolinguistikoagatik. Debate okerra da».
Aitortu du epaiak egoera «konplexua» utzi duela, langileen subrogaziorako eskubidearekin nahastuta baitago auzia. Baina argi du irtenbidea bilatzea udalari dagokiola: «Gu herritarrak gara, beharrizan eta eskubide batzuk ditugu, eta udalaren lana da horiek betearaztea. Eurek nahi duten bezala, baina bete ditzatela».
26.000 hiztun euskaraz egin ezinda
EAEko Auzitegi Nagusiak zerbitzu publikoen azpikontraten inguruan emandako ebazpenak «haserrea» eragin du Barakaldon. Sasiburu elkarteak salatu du euskaldunen eskubideak ez direla betetzen: «Diskriminatuak izaten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu