Guztira 2.500 euro ordaindu beharko dituzte Aiaraldeko (Araba) bortz emakumek iazko azaroaren 30ean egin zen greba feminista orokorragatik. Aiaraldea.eus hedabideak jakinarazi duenez, Ertzaintzak mozal legea aplikatu die emakume horiei: lauk 600 euro ordaindu beharko dituzte, eta bosgarrenak 100.
Greba batzordeak eman du gertatutakoaren berri, eta zehaztu du litekeena dela isun gehiago iristea. Azaldu dute zigortuetako lauk Amurrioko Tubacex lantegiaren aurrean egindako mobilizazioan parte hartu zutela; bosgarrenak, berriz, grebaren berri emateko agerraldi batean parte hartu zuen, baina agerraldia «baimendutako tokian egin ez zela» argudiatuta jarri zion isuna Ertzaintzak.