25 urte, euroituna noiz beteko

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Iragan martxoan, 25 urte bete ziren Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna indarrean sartu zenetik. Akordio hori sinatu zuten estatuek —Espainiak 2001. urtean bat egin zuen, eta Frantziak ez du sinatu— konpromisoa hartu zuten hizkuntza gutxituak «era aktiboan sustatzeko», eta, hortaz, zenbait betebehar bere gain hartu zituzten hezkuntzaren, justiziaren, administrazioaren, komunikabideen, kulturaren eta ekonomiaren esparruetan. Orain, itunaren seigarren ebaluazioa egiteko garaian, agerraldia egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Iruñean. Gogorarazi dute Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakundeen jarrerak «talka» egiten duela itunak ezarritako betebeharrekin.

JUSTIZIA
Prozesu ia oro, erdaraz

Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek esan du Europak proposatutako «gomendioei eta berehalako neurriei» men egin gabe segitzen duela Espainiak, horiek onartzeak «ondorio gisa ekarri beharko bailuke Espainiako Estatuko legedia aldatzea».

Aldaketarik garrantzitsuena justiziaren esparruan eman beharrekoa dela uste du Eskisabelek: «Europak hainbatetan ohartarazi du Espainiako botere judizialaren lege organikoak talka egiten duela Euroitunaren 9. artikuluarekin». Artikulu horren arabera, prozedura penal eta zibil oro euskaraz egin ahal izatea bermatu beharko litzateke, aldeetako batek hala eskatuz gero.

«Ez da inondik inora bermatzen prozedura hauek berme guztiekin eta berdintasunean euskaraz egin ahal izatea, eta horrek babesgabetasuna dakar», esan du Kontseiluko buruak: «Behatokiak eta Kontseiluak adituen batzordeari ohartaraziko diogu, beste behin, Espainiako araudian ezarritakoak eragina duela herritarrek tokiko hizkuntza erabiltzeko duten eskubidean; eta, bestalde, epaile eta magistratuek euskaraz ez jakiteak herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duela».

ADMINISTRAZIOA
Ezin arreta bermatu

Justizian ez ezik, administrazioaren esparruan ere aurrerabide eskasa antzeman dute Kontseiluak eta Behatokiak. Agurne Gaubekak azpimarratu du Espainiak Europako adituei igorritako txostenean ez dela azaltzen «zenbat gomendio ez dituzten bete», eta orain arte ezarritako neurriak ere «partzialak eta oso azalekoak» izan direla: «Aipatzen da hizkuntza politikak neurtzeko lanak martxan jarri dituztela, baina egiazki, ia ez dago herritarrei zerbitzua emateko lanposturik, ez Nafarroan ez Euskal Autonomia Erkidegoan».

Datuei erreparatuta, agerian geratzen da errealitate gordina: Espainiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzetan, «euskararen nolabaiteko ezagutza» dute langileen %11 inguruk; Nafarroan, ehuneko hori %1ekoa da. «Herritarrei zerbitzuak euskaraz bermatu ahal izateko ezintasuna nabarmena da».

Administrazio elektronikoari dagokionez, Espainiak bere txostenean dio Espainiako administrazioetako agiri, txantiloi, seinale, iragarki eta bestelako euskarrien %100 «ele biz» daudela idatziak. Hori ere gezurtatu du Behatokiko zuzendariak: «Urte hauetan guztietan ehunka kexa jaso ditugu, herritarrek helaraziak, gaztelania hutsezko euskarriengatik eta hainbat eginbide telematiko edo webguneetako informazioa oraindik orain euskarara behar bezala itzuli gabe daudelako».

NAFARROA
Zonifikazioa oztopo

Nafarroako Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak baldintzatu egiten du Euroitunaren betetzea, Behatokiko zuzendariaren arabera. Espainiako Gobernuaren txostenean ageri da irakasleen lanpostuak kenduta Nafarroako administrazioko postuen %3 soilik direla elebidunak, eta departamentu batzuetan ez dagoela lanpostu elebidun bakar bat ere. «Euskara ofiziala den eremuan ere, oztopo nabarmena da hau itunak ezarritakoa bete ahal izateko», gaineratu du Gaubekak.

Itunaren urratzerik agerikoenak, baina, euskara ofizial ez den eremuetan antzeman dituzte: «Ez dira betetzen Euroitunaren III. atalari dagozkion konpromisoak», salatu du Behatokiko buruak. «Itunean jasota dago eremu horietan euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa, baina D ereduko lerroen irekiera oztopatzen da, eta unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatua». Hori dela eta, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko beharra azpimarratu du Gaubekak.

EUSKO JAURLARITZA
Osakidetzari eta Segurtasun Sailari begira

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari dagokionez, Behatokiko zuzendariak esan du lurralde horietan jasotako kexa ugariek «talka» egiten dutela Espainiak txostenean emaniko irudiarekin. «Adibidez, urtero azaleratzen dira hutsune nabarmenak osasungintzaren eta segurtasunaren alorretan arta euskaraz jasotzeko garaian, eta, herritarrek adierazi arren harremana euskaraz nahi dutela, hainbatetan ez zaie bermatzen». Hezkuntzan ere, euskara «bigarren mailakoa» dela nabarmendu du Behatokiak, «Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan».

HURRENGO URRATSAK
Manifestazioa Bilbon eta oharra Europako adituei

Kontseiluak eta Behatokiak aipamen berezia egin diote azken urteetako oldarraldi judizialari «Euroitunaren espirituaren kontra bete-betean» egiten duelakoan: «Euroitunaren 7.2 artikuluaren kontrakoak dira erabaki judizial horiek; izan ere, itunak argi adierazten du euskararen alde hartzen diren neurriak ez direla gaztelaniazko hiztunen kontrako diskriminazio neurritzat hartuko». Hori adieraziko diete Europako adituei, datorren astean helaraziko dieten txostenean. «Neurri zehatzagoak eta jarrera irmoagoak» ere galdeginen dituzte, behin eta berriro errepikatzen diren urratzeen aurrean.

Dei egin dute, halaber, azaroaren 4an 17:00etan Bilboko Euskalduna jauregitik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.