1999ko abuztuaren 20an, gidoia espero bezala betez, aurrera zihoan Sevillan (Espainia) Munduko Atletismo Txapelketaren inaugurazio ekitaldia. Harik eta oholtzan espero ez zituzten txapelketako bi maskota azaldu ziren arte. Apar-gomazko Giraldilla bi horiek idatzi bat zeramaten aurrealdean: euskal presoak euskal herriratzeko eskatzen zuten, ingelesez (Repatriation Basque Prisoners). Oholtzan aritu ziren dantzan tarte batez, zuzenean ari zen musika taldearekin batera, eta, joan aurretik, eskua eman zioten gaur egungo COPE irratiko esatari nagusi Carlos Herrerari; TVEn ikusi zen pasadizo osoa, zuzenean.
Gertaera horren 25. urteurrena dela eta, sare sozialetan gogora ekartzen ari dira gaur giraldillen ekintza aski ezaguna. Eta txio horien bidez, Sevillako oholtzaren gainean bizi izan zena ikusi ahal da bideo euskarrian.
Gaur duela 25 urte, Sevillan Munduko Atletismo Txapelketa inaguratu zen... #Giraldillak 💙 #25urte 🫂 #Solidarioakpic.twitter.com/kM6rMqnUyQ
— ⓤⓜⓞⓡⓔ🇵🇸ⓐⓢⓚⓔⓐ (@umoreaskea) August 20, 2024
Bada euskal presoen aldeko ekintza hori nola prestatu zuten irudikatu duenik ere, komiki euskarrian; @exprai erabiltzaileak egin du.
Duela 25 urte, ezdakitnongo bilera batean, proposamen bat mahai gainean jarri zen.
— Exprai (@Exprai) August 20, 2024
Ondorengoa historia da.#Giraldillakpic.twitter.com/VkqCiHSZ9H
TVEren emankizunaren hasieran, ohartarazi zuten Sevillako ekitaldi hura izango zela «milurtekoko azken gertaera handia», eta azpimarratu «Sevillak» hartuko zuela. Neurriz kanpoko datuak ematen jarraitu zuten Espainiako telebista publikoan. Izan ere, inaugurazio ekitaldian 60.000 lagun elkartu ziren, baina hedabide batzuk azpimarratu zuten 3.500 milioi pertsona egon zirela telebistari begira, Sevillako ekitaldiari adi, hau da, munduko orduko biztanleria osoaren erdia.
Hurrengo egunetan, zenbait pertsona atxilotu zituzten Giraldillen erreibindikazioarekin loturik, eta horietako hamar epaitu zituzten, epaiketa azkar batean. Ekainaren 8an bukatu zen epaiketa, eta absoluzioa izan zen Encarnacion Gomez epailearen deliberazioa, ekintzak ez zuelako izan «garrantzi nahikorik ordena larriki edo arinki hausteko».