Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi du zenbait ikasgela itxi behar izan dituztela koronabirusagatik. Araban bi ikasgela itxi dituzte; Bizkaian, hiru, eta Gipuzkoan, beste hiru. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, hamazazpi ikasgela daude itxita lurraldean. Horiek horrela, Hego Euskal Herrian 25 talde itxi behar izan dituzte.
Iaz, data berean, 168 ikasgela zeuden itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bildarratzek, halere, nabarmendu du aurtengo zenbakia hobea izanik ere, «oraino pandemian gaudela». Gehitu du: «Zuhurtzia da irizpide nagusia oraindik ere. Protokolo bat indarrean daukagu, eta baliabide berezi batzuk ditugu protokolo horri eta gauden egoera pandemiko horri behar bezala erantzun ahal izateko». Hezkuntza sailburuaren arabera, gela bakarra ixtea ere «kezka iturri» da.
Zehaztu du gela barneko kutsatzeekin baino gehiago kanpoko eremuetan gerta daitezkeen kutsatzeekin adi ibili behar dela, ikasgeletan kutsatzeak eragozteko neurriak eta protokoloak martxan daudelako. Horren harira, adierazi du «ulertzen» duela 12 urtetik beherako umeek kanpoko eremura maskararik gabe atera nahi izatea, baina «txertatu ezin diren bitartean» orain arteko jarraibideak segitu behar direla erran du, hau da, maskara jartzea.