25 donostiar epaituko dituzte bihar D3M legez kanpo uztea salatzeagatik

Bi eta hiru urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte; elkarretaratzea egingo dute Egiako epaitegian, 09:00etan

Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Indarrak biltzeko deia egin dute Donostian, «herritar librez osatutako herri libre baten alde». Biharko jarri dute lehen hitzordua, goizeko bederatzietan, Egiako epaitegi aurrean. Izan ere, 25 donostiar epaituko dituzte han, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan D3Mren legez kanporatzea salatu eta hautagaitza haren aldeko propaganda egiteagatik. «Parte hartzeko eskubidea gauzatu nahi izateagatik», esan zuten atzo egindako agerraldian Ana Sarriegi eta Agus Rodriguez auzipetuek. Bi urteko kartzela zigorra eskatu dute haietako hamaikarentzat, bi urte eta erdikoa bederatzirentzat eta bi urte eta bederatzi hilekoa beste bostentzat.

Ostegunean Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute Rodriguez, 35/02 sumarioan. Aurreko horiek eta gazte mugimenduaren aurkakoak batuta, astebeteko epean 35 donostiar «berme juridikorik gabe» epaituko dituztela salatu zuten: «Epaiketa hauen atzean dagoen arrazoia da gure militantzia politikoa zigortzea. Horregatik diogu: ez gaituzte bakarrik zigortzen; gurekin batera, herri oso bat zigortzen du Madrilek».

Gainera, epaiketa horiek dagoeneko «sufrimendu injustua» eragin dietela ere gogorarazi zuten —batzuek torturak salatu zituzten, behin-behinean preso izan zituzten, eta milaka euro ordaindu behar izan dituzte bermetan—. Horregatik, urriaren 19an, 12:00etan auzoetan egingo dituzten herri harresietan parte hartzera deitu zuten, baita hilaren 26an Bilbon egingo duten manifestazioan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.