24 urteko mutil bat hil da bart Getxon (Bizkaia), Algorta auzoan izandako istilu batzuetan egin dizkioten zaurien ondorioz. Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoarekin elkarlanean, 18 urte baino gutxiagoko bost lagun atxilotu ditu hilketarekin lotura dutelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, liskarrak larunbateko 23:20 inguruan hasi dira, Satistegi plazan, zenbait taberna dauden gunean. Poliziari berehala jakinarazi diote gazte bat labanaz zauritu dutela. Larrialdi zerbitzuek zauri larriekin topatu dute biktima, eta Gurutzetako ospitalera eraman dute. Han hil da.
Gauerdia baino lehen aurkitu dituzte atxilotutako bost gazteak, Algortako metro geltokian, eta berehala atxiki dituzte. Hiru mutil eta bi neska dira. Atxilotuetako batek zenbait arma zuri zituen poltsan. Gainera, geltokiko zaborrontzi batean odolez zikindutako beste bi labana zeuden, itxura guztien arabera erasoa egiteko erabilitakoak. Ikerketa zabaldu dute, eta gaur goizean bertan hilketa izan zen lekura eraman dituzte bost atxilotuak, zer gertatu den argitzeko.
Amaia Agirre Getxoko alkateak gaitzetsi egin du gertakaria. Gertutasuna erakutsi die biktimaren senideei, Ibilaldiaren hasiera ekitaldian egin dituen adierazpenetan. Izan ere, ezbeharra ikastolen aldeko jaia hasi baino ordu batzuk lehenago gertatu da; gaur milaka lagun elkartuko dira Algortako Portu Zaharrean, hilketa gertatu den tokitik gertu.