SOSLAIA. Rodolfo Ares

24 urteko ibilbideari agur

jokin sagarzazu
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Politikagintzatik «gutxika-gutxika» aldenduko zela esan bazuen ere, atzo eman zuen albistea, hunkituta. Legegintzaldia amaitu arte, Eusko Legebiltzarrean jarraituko badu ere, PSE-EEko zuzendaritza utziko du, bi hamarkadaz alderdian hauteskunde kanpainen ardura izan duenak. «Ezkutuko» buruzagia. Madrilgo zuzendaritzaren «mezularia». Horiek eta beste esan dira Rodolfo Aresi buru (Ourense Galizia, 1954).

Egia bada, behintzat, oso ondo ezagutzen dituela alderdiaren barrunbeak. 1990etik alderdiaren zuzendaritzan izan da: Ramon Jauregirekin eta Nicolas Redondorekin. Eta Redondoren oso gertukoa bazen ere, Aresek eraman zuen Patxi Lopez buruzagitzara, PSE-EEk egun duen krisiaren oso antzeko egoera batean.

Alderdian ez ezik, euskal politikako azken urteetako gertakari garrantzitsuenetan ere protagonista izan da Ares. Aurreko bake prozesuko negoziazioetan parte hartu zuen. Eta esana da alderdi sozialistan bera zela Loiolako elkarrizketetan Madrilekin mezuak trukatzen zituena.

Prozesu horren porrotak asko markatu zuten alderdi sozialista eta Ares bera. Hala, ezker abertzalea legez kanporatu eta 2009an PSE-EEk Lehendakaritza eskuratu zuenean, hark hartu zuen Herrizaingo Sailaren ardura.

«Kalea norena den erakutsi behar dugu orain» esanez, euskal presoen irudien aurkako kanpaina batekin hasi zuen agintaldia. Eta erakutsi haren xedea zela errealitate politiko bat ezabatzea. Ezker abertzalearekin zerikusia izan zezakeen edozein adierazpen kentzen aritu baitzen Ertzaintza.

Eta batzuetan gehiegizko bortizkeriarekin erabilita ere. Hori dela eta, Aresek ertzainen jokabidearen inguruko azalpen ugari eman behar izan zituen legebiltzarrean. Cabacasen heriotzagatik, Nafarrateren jipoitzeagatik, Kukutza gaztetxearen hustuketagatik... Jasotako kritikek Ertzaintzaren irudia zikintzeko xedea baino ez zutela salatu zuen, eta ezker abertzalea «horren guztiaren» erantzule egin.

ETAren aurkako borrokan ere tematu zen Ares. Espainiako segurtasun indarrekin elkarlana estutu zuen legealdiaren hasieratik, eta erabateko sintonia izan zuen Alfredo Perez Rubalcabarekin. ETAk jardun armatua utzi ostean ere, atxiloketekin jarraitzeko asmoari eutsi zion Aresek.

Horiekin lotuta, tortura salaketei ere aurre egin behar izan zien. Hala, 2010eko urtarrileko operazio batean atxilotutakoen kasuan, esaterako, Herrizaingo Sailak tratu txarrak ikertu ez, eta Aresek kereila jarri zuen haien abokatuen aurka.

Aipatu gertakari horiengatik Aresen inputazioa eskatu dute maiz, baina ez du inoiz deklaratu epaile baten aurrean.

Orain, «aro bat amaituta», militante arrunt bilakatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.