EUSKAL PRESOAK

24 urteko espetxe zigorra ezarri diote Iratxe Sorzabali

ETAk 1996an Gijonen egindako atentatu bat egotzita zigortu du Espainiako Auzitegi Nazionalak Irungo euskal presoa. Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak «kezka handia» agertu du epaiketaren inguruan.

Iratxe Sorzabal, hilaren hasieran egin zen epaiketan. FERNANDO ALVARADO, EFE
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 22a
14:53
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak 24 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Iratxe Sorzabal euskal presoari, ETAk 1996an Gijonen (Espainia) eginiko atentatu bat leporatuta. Zehazki, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak bi zigor ezarri dizkio Irungo (Gipuzkoa) euskal presoari: hamazazpi urtekoa bat, «hondamen terroristagatik», Gijongo Auzitegiaren aurka egindako atentatua egotzita; eta zazpi urte eta sei hilabetekoa bertzea, farmazia baten aurka egiten saiatzeagatik —horretan ez zuten kalterik eragin—.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, Sorzabal absolbitu egin du «erakunde terroristako kide» izatearen delituaz. Fiskalak, Espainiako Estatuaren abokatuaren ordezkariak eta AVT biktimen elkarteak erretiratu egin zuten akusazio hori epaiketaren azken egunean, kontuan hartuta Sorzabal jada zigorra betetzen ari dela delitu horrengatik Frantzian. Reauko espetxean dute preso Sorzabal (Frantzia), Euskal Herritik 925 kilometrora. Urtarrilean Espainiaratu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko.

Ustez Sorzabalek berak ETAri bidalitako idatzi batean oinarritzen da sententzia. Epaileen arabera, dokumentu horretan akusatuak berak iraganean egindako ekintzak zehazten dira, detaile handiz. Dokumentuan agertzen diren atentatu eta izenek bat egiten dute Sorzabalek berak Guardia Zibilaren aurrean egindako adierazpenekin. Torturapean zegoen orduan.

Sorzabal otsail hasieran epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. 36 urteko espetxe zigor eskaera egin zuten hala fiskalak nola Estatuaren abokatuaren ordezkariak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko abokatuak. Azkenean, 24 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri diote.

Irungo euskal presoak epaiketan ukatu egin zuen leporatzen dizkioten atentatuetan parte hartu izana. Adierazi zuenez, torturetatik ihes egiteko jo zuen bere burua errudun.

Torturak

2001ean atxilotu zutenean, torturak salatu zituen Sorzabalek. Honela adierazi zion Euskaldunon Egunkaria-ri, bertzeak bertze: «Salto egiten nuen gerturatzen zen bakoitzean. Ez nuen sinisten auzitegi medikua zenik». Erran zuen, halaber, ez zuela uste hilko zenik: «Hiltzeko gogoa neukan».

Otsaileko epaiketa bera ere torturaren itzalak hartu zuen, eztabaidagai nagusietako bat bilakatu baitzen. Guardia Zibilaren bi perituk txosten bat aurkeztu zuten, torturen inguruan Guardia Zibilaren betiko tesia defendatzen zuena: alegia, ETAk bere kide guztiei torturak salatzeko agintzen ziela, eta horren helburua zela «estatuaren segurtasun indarren izen onari kalte egitea» eta haien kontrako auzibideak oztopatzea.

Aiert Larrarte abokatuaren galderei erantzunez, perituek aitortu zuten txostena egiteko ez zituztela aintzat hartu Amnesty Internationalek, Human Rights Watchek eta giza eskubideen arloan lan egiten duten nazioarteko beste zenbait elkartek Espainiako tortura auziei buruz egindako txostenak, ezta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren kontra ebatzitako epaiak ere, baina beren tesiari eutsi zioten argudio bat emanez: torturei buruzko auzietan «absoluzioak eta auzien artxibatzeak zigorrak baino ugariagoak» izan direla Espainiako justizian.

2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman baitzien haren tortura testigantzei. Tortura kasu batengatik Parisek euroagindu bat gibelera botatzen zuen lehen aldia izan zen.

Europako Abokatuen salaketa

Epaiaren berri izan aurretik, ELDH Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak ohar bat zabaldu du, «kezka handia» azaltzeko Sorzabalen epaiketaren inguruan. Elkarteak nabarmendu du Sorzabalek jarri ziola ahotsa ETAk bere jarduera armatua amaitzeko erabakiari, eta gogora ekarri egotzi dizkioten atentatuek ez zutela biktimarik eragin. Are gehiago, elkartearen iritziz, «arrazoiak» daude «pentsatzeko haren aurkako ebidentziak torturen bidez eskuratutako autoinkulpazioetan baino ez direla oinarritzen».

ELDHk azaldu du Sorzabalek torturen testigantza eman zuela ahozko epaiketan, eta Espainiari eskatu dio ikerketa «inpartzial eta independente bat» abiatzeko, «zigorraren eta espetxealdiaren oinarrian tortura edo tratu txar bidez lortutako ebidentziak dauden kasu guztiak» argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.