24 orduko Aberri Eguna ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k

Abadiako Adierazpena irakurri dute Euskal Herri osoko ordezkaritza zabala bilduta, eta, euskal ikurrak aterata eta ereserkiak abestuz, keinu bateratuan parte hartzeko gonbidapena egin dute.

Euskal Herria Batera-ren ekitaldia, gaur, Abadiako jauregian. JON URBE / FOU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko apirilaren 16a
13:55
Entzun

Aberri Egunaren bezperan ekitaldi berezia egin du Euskal Herria Batera herri ekinbideak Urruñako (Lapurdi) herriko etxean. Euskal Herriko egun nazionala mundu guzian ospatzera deitu dute, 24 orduz. Horretarako, euskal ikurrak atera eta euskal ereserkiak abestera deitu dute. Hauek dira hiru abestiak: Ikusi mendizaleak, Gernikako arbola eta Txoriak txori. Antton eta Virginie Abadiak abiatutako lanari jarraikiz, euskara eta euskal kultura oinarri hartuta euskal komunitate bateratua biziarazi eta espazio komunak sortzera ere deitu dute.

Euskal Herriko jende ezagun andanak parte hartu du ekitaldian, gonbidatu gisa. EH Bildu, EAJ, EH Bai eta Podemos - Ahal Dugu alderdietako ordezkariak, Kontseilua, Udalbiltza, AEK eta Seaskako kideak, eta baita kultur arloko eragileak ere: Jon Sarasua, Ines Osinaga, Gotzon Barandiaran, Lorea Agirre, Joxe Mari Esparza, Ximun eta Manex Fusch...

Orain dela bi urte sortu zen Euskal Herria Batera ekinbidea, COVID-19ak eragindako pandemia garaian, herritar guziak konfinatuak zeudelarik. Bi urte geroago Urruñan elkartu dira, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren herri berean. Lore Jokoek euskal pizkunde kulturala ekarri zutela oroitarazi, eta hizkuntzak eta kulturak «komunitatearen indartze integratzailean egindako ekarpenaren balioa aitortzeko» ekitaldia egin nahi izan dutela esplikatu dute Maitena Diribarne eta Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen ekinaldiaren sustatzaileek.

Ikusi gehiago:Ortuzar: «Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du»

Aitzineko bi urteetan ez bezala, aurtengo Aberri Eguna «garai berri batera urratsa egiteko baldintzetan» ospatzeko modua ikusten dute deitzaileek, eta «mugarri bat» izan daitekeela uste dute. Aurten 90 urte beteko dira Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zenetik. «Aberri Egunak gaitasuna du euskal komunitatea elkartzeko eta hari balioa emateko», nabarmendu dute.

Diasporak ere izan du lekua. Julieta Gaztañagak eta Carlos Etxeparek hartu dute hitza, haien esperientziaren berri emateko. Gaztañagak euskara ikasi du, eta mundu guzian euskara ikasleak eta irakasleak daudela zehaztu du. Etxeparek ifrentzua erakutsi du: berak ez du euskara ikasteko aukerarik izan. Hizkuntzari garrantzirik kendu gabe, mundu guzian zehar milioika jende euskaldun sentitzen direla baieztatu du. «Ez dugu izan nahi: bagara».

Batera sortzeko gaitasuna

Ines Osigana musikariak eta Ximun Fusch antzerkilariak irakurri dute adierazpen bateratua. «Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak, herri. Kulturarik gabe ez dago herririk, ez dago kulturarik gabeko herririk», adierazi dute. «Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da. Mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera gatoz. Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu».

Aberri Egunean Euskal Herri bateratua irudikatzeko deia berretsi dute. «Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako. Anbizioaren eta konpromisoaren garaia da. Ikurren udaberria sustatu dugu aurten, nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion hurrengo urteotan».

Konpromisoa hartu dute euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. «Azken finean gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa. Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.