Piztu irratia, zabaldu Spotify edo sartu disko bat musika aparatuan. Aukeratu kantu motz bat. Izan daiteke Berri Txarrak-en Maravillas, Beatlesen Let it be, Lady Gagaren Just Dance edo Merina Grisen 90. Beste edozeinek ere balio du, baldintza bakar batekin: izan dadila hiruzpalau minutuko abesti bat. Play. Sartu dutxan, eta ireki txorrota. Ez itxaron ur bero-beroa atera arte. Xaboia eta xanpua paratu, igurtzi eta garbitu, eta Gorka Urbizuren azken gitarra kolpea edo Merina Grisen sintetizadoreen azken loop-a aditzearekin batera, itxi txorrota. Sartu-atera, lau minutu eskasean. Nafarroako Gobernuaren arabera, horixe da egunero dutxa hartzeko modurik egokiena, ur kontsumoa murrizte aldera. Txorrota azpian abestea aukerakoa da, edonola ere.
Ez da ideia berri-berria ere. OME Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi proposatu zuen dutxaren iraupena lau minutura murriztea —ohikoena, batez beste, hamar bat minutuz dutxatzea omen da—, eta Europako Batasuneko hainbat herrialde batu zaizkio azken urteetan. Orain, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bere egin du ideia hori, Life Nadapta izeneko egitasmoaren barruan, eta 36 udalerrik bat egin dute kanpainarekin.
KOPURUAK
20Dutxan zenbat ur litro kontsumitzen den, minutuko. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pertsona bakoitzak 20 litro ur kontsumitzen ditu minutuko, dutxa hartzen duenean. Horrek esan nahi du hamar minutuko dutxa batean 200 litro ur joaten direla zulotik behera.
81.000.000Nafarroan egunean zenbat ur aurreztuko litzatekeen, litrotan. Nafarroako Gobernuaren arabera, herritar guztiek dutxaren iraupena lau minutura murriztuz gero, 81 milioi litro ur aurreztuko lirateke egunean: 24 igerileku olinpikotan sartzen den kopurua, alegia.
%92,2Ebroko arroan, nekazaritza lurren ureztatzeari dagokion ur kontsumoa. Espainiako Gobernuaren arabera, Nafarroan kontsumitzen den ur gehiena nekazaritzarako lurrak ureztatzeko erabiltzen da. Herritarren kontsumoa %5,5ekoa da.
Helburua da herritarrak sentsibilizatzea «ura aurrezteko eta arduraz erabiltzeko beharraz», ingurumenari eta osasunari lotutako arrazoiengatik. Helburu horrekin, kanpainarekin bat egin duten Nafarroako udalek hareazko 24.000 erloju txiki banatuko dituzte bizilagunen artean datozen asteetan, herritarrek dutxan ematen duten denbora kontrola dezaten.
120 litro gutxiago
«Proposamenak helburu bikoitza du», azaldu du Fernando Señasek, Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendariak: «Batetik, dutxaren iraupena murrizteak balio du klima aldaketara egokitzeko: aurreikuspen guztien arabera, etorkizunean ur gutxiago izango dugu, eta komeni zaigu kontsumoa apaltzen hastea. Bestetik, neurriak balio du erregai fosilek eragindako isuriak ere gutxitzeko, dutxako ura berotzeko behar den energia kopurua murriztuta».
Datuei erreparatuta, argiago ikus daiteke zer aurrezten den: OMEren arabera, pertsona bakoitzak 20 litro ur erabiltzen ditu dutxan ematen duen minutu bakoitzeko. «Horrek esan nahi du, hamar minutuko dutxa bat hartuz gero, 200 litro ur gastatzen ditugula dutxa bakoitzean. Hortaz, proposatzen dena da dutxak lau minutura murriztea, 120 litro aurrezteko», esplikatu du Señasek. Haren ustez, nafar guztiek hala eginez gero, 24 igerileku olinpiko betetzeko adina ur aurreztuko litzateke dutxa bakoitzean.
Eta ingurumenarentzat soilik ez: eguneroko dutxaren iraupena murrizteak badu eraginik etxeko ekonomian ere. «Ura, berez, nahiko merkea da, baina berotzeak gastu handiagoa dakar; hortaz, neurri hauek egunero aplikatuz gero, dezente nabaritu daiteke urte osoko fakturan», esan du Klima Aldaketaren Bulegoko buruak. Are: Nafarroako herritar guztiek eginen balute, dutxa bakar batean 90.000 euro aurreztuko lirateke, Señasek azaldu duenez.
Atxikimenduak eta kritikak
Nafarroako hainbat udalerrik bat egin dute egitasmoarekin, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren barruan. Hauek dira: Uharte, Atarrabia, Aranguren, Bidaurreta, Galar, Agoitz, Arantza, Barbarin, Beintza-Labaien, Kaseda, Ziritza, Donamaria, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezporogi, Ibargoiti, Imotz, Xabier, Ledea, Longida, Irunberri, Lukin, Milagro, Nazar, Odieta, Olaibar, Azkoien, Santsol, Tebas-Muru Artederreta, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz, Viana eta Alesbes.
Hala ere, bada kanpainari kritika egin dionik ere. Aditu batzuen ustez, ez du logikarik ura aurreztearen ardura herritarren bizkar jartzeak, herrialdearen ur kontsumorik handiena nekazaritzari baitagokio: «Ureztalurrek hartzen dute ur kontsumo orokorraren %85etik goiti. Industriak eta herritarrek, %15. Hiri kontsumoa erdira murriztu da azken hogei urteotan, gutxi gorabehera», salatu zuen Antonio Aretxabala geologoak Twitter sare sozialean.
Datuak oso ezberdinak dira eremuaren arabera. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emaniko datuei erreparatuz gero, Ebro ibaiaren arroko lurretan, ur kontsumo osoaren %92,2 dagokie nekazaritzako lurren ureztatzeari, eta %5,5 soilik, herritarren kontsumoari. Euskal Herriko kostaldean, berriz, joera zeharo ezberdina da: hiri eta herrietako kontsumoak hartzen du ur kontsumo osoaren %84,5, eta nekazaritzarako erabiltzen da %1,7.
Kritika horiei buruz, Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendariak argudiatu du dutxaren iraupena murrizteko kanpaina «ekintza zehatz bat» besterik ez dela, «proiektu askoz handiago baten barruan». Izan ere, Life Nadapta proiektuan jasota daude 53tik gora proposamen: «2017an hasitako egitasmoa da, eta heldu den urtean amaituko da. Europako Batzordeak sustatutako egitasmoa da, hain zuzen, aitzindaritzat jo zuelako. Proiektu honek garatu egiten du Nafarroaren estrategia, klima aldaketari dagokionez. Badugu bide orri bat, eta hor jasota daude hainbat neurri: batzuk egokitzapenerako, beste batzuk arintzeko... Zehazki, Life Nadapta proiektuaren barruan, hainbat gauza egin ditugu: basoen kudeaketan, nekazaritzaren arloan, azpiegituretan, uren kudeaketan, suteen eta uholdeen aurkako estrategietan... Oso ikuspegi zabala aplikatu dugu».