24 ertzain inputatu dituzte protesta batean adineko bat zauritzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, gazte bat atxilotzera joan ziren merkatu publiko batera, eta han besoa apurtu zioten 94 urteko andre bati. Bizkaiko Lurralde Auzitegian deklaratuko dute

Ertzainak Gernika-Lumoko merkatu plazan zeuden herritarrei oldartzen, 2014ko abenduaren 15ean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bizkaiko Lurralde Auzitegia 24 ertzain ari da ikertzen —inputatuta daude— 2014ko abenduaren 15ean Gernika-Lumon (Bizkaia) izandako istilu batzuen harira zauritu egin zuten adineko pertsona batek jarritako salaketa batengatik. Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigor bat betetzeko Jone Amezaga gaztea atxilotzera joan ziren ertzainak Gernika-Lumora, eta hari babesa emateko lagun ugari bildu ziren hango merkatu plazan. Protestan zeudenei oldartu, eta, haiez gain, erosketak egiten ari ziren hainbat pertsona ere zauritu zituzten; tartean, Julia Lanas orduan 94 urte zituen andrea: besoa apurtu zioten eta erredurak eragin zizkioten zangoetan. Hark jarritako salaketa batengatik ari dira ikertzen ertzain horiek.

Lanasen senideek BERRIAri azaldu diotenez, ez orduan, ez gerora ezta ertzainak inputatu ondoren ere, ez dute deirik jaso Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik, Ertzaintzatik edo beste eragile instituzional zein politiko baten aldetik. «Ez amaren egoeragatik interesatzeko eta ez orduan gertatu zenari buruz informazioa jasotzeko; ezer ez».

Familiak ez du itxaropenen handirik Bizkaiko Lurralde Auzitegiak abiatu duen ikerketarekin. Lanasen semeetako batek azpimarratu du halakoak Euskal Herrian «askotan» gertatu direla eta «beti» zigorrik gabe amaitzen dutela. «Tamalez, uste dugu artxibatu egingo dutela». Dena den, uste dute «positiboa» izan daitekeela auzia irekitzea, eta «berriz ere argitara irtetea gertatutakoa». «Balio dezala jendeak jakiteko zer gertatu zen, eta, bereziki, berriz gerta ez dadin. Horrek poztuko luke gure ama».

Horrelakoak argitzeko eta zigorrik gabe ez uzteko «erantzukizun eta konpromiso argiak» galdegin dizkiete Lamasen senideek Euskal Herriko agintari instituzional eta politikoei. «Hemen, beste polizia batzuek eginiko gehiegikeriak agertzen eta salatzen ari dira, baina ezin da ez ikusiarena egin hemengo Poliziak [Ertzaintzak] eginikoekin. Gure amarena ez da salbuespen bat», azpimarratu dute

Familiaren izenean, Aitor Amutio abokatua arduratu da auziaz. Hark jarri zuen salaketa, gertaerak izan eta hilabete batzuk geroago, Amezaga bortizki atxilotu zuten hainbat ertzain identifikatu ostean. Gernika-Lumoko epaitegiak auziaren instrukzioa hasi zuen, baina salaketa artxibatu egin zuen, ertzain horiek istiluetan parte hartu zutela frogatzerik ez zegoela argudiatuta.

Kazeta honi eginiko adierazpenetan, Amutiok azaldu du orduko argazki eta bideoen bidez etaagenteek uniformeetan eraman behar dituzten identifikazio zenbakiengatik identifikatu zituela istiluetan ere parte hartu zuten hainbat ertzain. Horietako batzuek deklaratzeko ere eskatu zuen abokatuak, instrukzio epaileak zituen zalantzak argitze aldera, baina ikerketarekin ez jarraitzea erabaki zuen hark.

Horren kontra helegitea jarri zuen abokatuak Bizkaiko Lurralde Auzitegian eta auzia berriz ireki du instantzia horrek. Akusazioak identifikatutako ertzainak eta beste batzuk epailearen aurrean deklaratzera deitu ditu auzitegi horretako 4. instrukzio epaitegiak. Urriaren 24, 25 eta 27an daukate hitzordua, eta, esandakoen arabera, instrukzio epaileak argitu beharko du ertzain horietako bakoitzaren erantzukizun penalak, baleude, eta horietatik zein auzipetu ala ez, ala auzia osorik artxibatu.

Era berean, eta gertakari horiekin loturik, sare sozialetan zabaldutako irudi eta mezuengatik, hamabost lagun inputatzeko eskatu zuen Ertzaintzak, «mehatxuak» argudiatuta.

«Ero moduan sartu ziren»

2015eko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Jone Amezagari «terrorismoa goratzea» egotzita, pankarta baten zeloan topatutako hatz marka batzuk froga gisa erabilita —aske dago gaur egun—. Hura espetxeratzeko Ertzaintzak atxilotze agindua jaso zuenean, ezkutatu egin zen gaztea, eta, hemezortzi egunen ostean, astelehen batez, merkatu egunean azaldu zen, hainbat lagunek babestuta.

Amezaga atxilotzeko eginiko polizia operazioan zauritu zuten 94 urteko andrea: besoa hautsi zioten, eta, kolpeen eta bultzakaden ondorioz, ubeldurak eta erredurak eragin zizkioten hanketan. Lanas erosketak egiten ari zen, ez zegoen Amezagari babesa ematera joandakoen artean —istiluen ostean hedabide batzuek «maltzurkeriaz» esan zuten moduan, senideek salatu dutenez—.

Egun batzuk geroago Jone Libre plataformak eginiko prentsaurreko batean parte hartu zuen Lanasek. Salatu zuenez, «bat-batean» agertu ziren poliziak plazan, «kolpeka; berdin ume zein nagusi». «Ero moduan sartu ziren gainezka zegoen merkatu hartara». Kolpeak jaso ondoren, han zegoen mutil batek babestu zuen, eta, esan zuenez, beragatik izango ez balitz hilda legoke. «Nire bizitzan gauza latzak ikusi ditut, baina orduan bizi izandakoaren modukorik sekula ere ez», azpimarratu zuen.

97 urte ditu gaur egun Lamasek, eta, osasuntsu badago ere, senideek azpimarratu dute orduko zauriek «asko» baldintzatu diotela bizimodua, apurtutako besoa elbarri baitauka. «Gertakarien aurretik erabatindependentea zen; orain, dependentzia maila handia bat dauka». Eragin fisikoez gain, senideek diote gertatutakoak «amorru handia» eragin diola. «Ezin du sinistu gaur egun horrelakoak gertatu ahal izatea». Gernika-Lumon bizi arren, sortzez Eibarkoa (Gipuzkoa) da Lanas. Haren hurkoek gogoratu dutenez, gaztaro gogorra izan zuen, 1936ko gerraren osteko errepresioaren ondorioz. Ordukoak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarraren aurrean ere deklaratu du Lanasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.