Gipuzkoako zenbait errepide hobetzeko lanak egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak legealdiko politika orokorreko azken bilkuraren hasieran adierazi du 230 milioi euroko kostua izango dutela. Garrantzitsuenak hauek dira: Leitzarango autobideko zortzi tunelen berrikuntza (82 milioi euro), A-15aren eta N-1aren arteko Andoaingo lotune berria (75 milioi euro), Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen hiru faseen amaiera (45,5 milioi euro), Marrutxipiko (Donostia) lotune berria (11,5 milioi euro), eta N-1 errepidearen gaineko biribilgune berria Lasarte-Orian (9 milioi euro). N-1ean eta A-15ean kamioientzako bidesariak jartzeko lanak amaitzen ari direla nabarmendu du ahaldun nagusiak.
Adinekoen bizitza kalitateari buruz, zahar etxeetan hainbat hobekuntza egin nahi dituzte: zainketen pertsonalizazioan, langileen lan baldintzetan, ratioetan, espazio fisikoen arkitekturan eta ebaluazioan. Usurbilen, Irunen, Elgoibarren eta Pasaian erresidentzia berriak eraikitzeko lanak egiten ari direla adierazi du, eta 357,7 milioi euroko kostua izango dutela gehitu du. Beste 11 zahar etxeen instalazioak hobetzeko lanetarako ere 29 milioi euro jarriko dituztela esan du. Gai horri jarraituz, patronalak eta UGT sindikatuak lortutako akordioa goraipatu du, nahiz eta sindikatu horrek langileen %7 bakarrik ordezkatu.
Energiaren gaia auzi publiko nabarmena bihurtu da azken urtean, elektrizitatearen prezioa etengabe igotzen hasi zenetik. «Energia larrialdi» batean gaudela esan du Olanok, eta Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkapena duten alderdiei energiaren inguruko «herri akordio» bat lortzeko eskatu diete.
Aldundia «sektore erabakigarrietan» inbertitzen ari dela adierazi du Olanok: «Enpresa da herrialdean aberastasuna eta oparotasuna sortzen duen eragilea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek autonomoen eta enpresarien egoera hobetzeko neurriak hartu dituztela esan du, eta horretarako zerga tarte guztiak jaistea erabaki zuten uztailean. Etorkizuna Eraikiz programaren bidez erreferentziazko zentro eta estrategiak sortzen ari direla goratu du Olanok: «Aldundiak zortzi zentro eta hiru proiektu estrategiko bultzatu ditu sektore erabakigarrietan. Etorkizuneko Gipuzkoa sendoa eraikitzen laguntzen dute horiek guztiek», ñabartu du.