The Champion Burger lehiaketa gastronomikoan izandako hogeitik gora lagun artatu dituzte Osasunbidean azken asteetan, Escherichia coli bakterioarekin gaixotuta. Irailaren 19tik 29ra bitartean egin zuten lehiaketa ibiltaria Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta hango hanburgesak jan ostean, intoxikazioagatik artatu behar izan dituzte 23 pertsona. Horietako bi ospitaleratu zituzten. Hala ere, Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, intoxikazio kasu guztiak arinak izan dira, eta bi ospitaleratuak etxean dira jada, sendagiria jasota. «Intoxikatu guztiak gazteak dira, eta pozoitzea ez da larria izan».
Nafarroako Lan Osasuneko eta Osasun Publikoko Institutuak urriko lehen egunetan antzeman zuen Escherichia coli bakterioarekin gaixotutakoen kopurua «ezohikoa» zela, eta intoxikazioen jatorria ikertzean konturatu ziren 23 kasutan pazienteek The Champion Burger lehiaketako hanburgesak jan zituztela aurreko egunetan. Lehiaketak iraun zuen hamar egunetan, 150.000 lagunetik gora bertaratu ziren Arrotxapeko Runa parkean propio atondutako eremura, hango hanburgesak jatera.
Osasun Departamentuak esan du ez duela kasu gehiagoren berri, eta abisua emana diola Espainiako Osasun Ministerioari, Euskal Herria atzean utzita Espainiako zenbait hiritan eginen baitute The Champion Burger lehiaketa ibiltaria datozen asteetan.
Bestalde, lehiaketa gastronomikoaren antolatzaileek adierazi dute ez dutela jaso Nafarroako Osasun Departamentuaren «jakinarazpen ofizialik» edo «intoxikazioen ebidentziarik». Argudiatu dute, halaber, legeak ezarritako osasun eta segurtasun kontrol guztiak bete dituztela.