Arabako 22.000 haurrek doan bidaiatu dezakete gaurtik aurrera garraio publikoan

12 urtetik beherakoek lurraldeko edozein garraiobide publiko erabil dezakete ordaindu gabe. Bat txartel pertsonalizatua beharko da horretarako. Bizkaian otsaileko lehen astean jarriko dute indarrean neurria.

Salburuaren eta Gasteizko erdialdearen arteko ibilbidea egiten duen tranbia. GASTEIZKO UDALA
Salburuaren eta Gasteiz erdialdearen arteko ibilbidea egiten duen tranbia, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 7a
09:38
Entzun

12 urtetik beherako 22.000 arabarrek garraio publikoa doan dute gaurtik aurrera. Gasteizko tranbia eta Alavabus zerbitzuko autobusak erabiltzeko nahikoa izango dute Bat txartel pertsonalizatua erakustea. Hala, lurraldeko garraio publiko guztira zabaldu da doakotasuna, urtebete baino gehiago baita Gasteiz barruko Tuvisa zerbitzuak aukera hori ematen duela.

Bat txartel pertsonalizatua egiteko, Euskotrenen arreta zerbitzua indartu dute. Gainera, tramitazioak ez pilatzeko, hilabeteko trantsizio epea zabaldu dute, eta, bitartean, nahikoa izango da ikuskatzaileari nortasun agiria edo familia liburua erakustea.

Beharrezko dokumentaziorik gabe bidaiatzen duten 12 urtetik beherako haurrei ohiko tarifa aplikatuko zaie. Derrigorrezkoa izango da Bat txartela balioztatzea bidaia hasi aurretik.

Bizkaian eta Gipuzkoan, zain

Laster Bizkaiko eta Gipuzkoako haurrek ere doan izango dute garraio publikoa. Bizkaiko Garraio Partzuergoak gaur jakinarazi du otsaileko lehen astean abiaraziko dutela neurria. Barik txartel pertsonalizatua beharko da hartaz baliatzeko. Txartel hori BGPren, Bilboko Metroaren, Bizkaibusen, Euskotrenen, Renferen eta Bilbobusen Bizkaiko garraio publikoaren bulegoetan eskatu ahal izango da. Txartel hori lortzeko, adingabeek tutore batekin bertaratu beharko dute, eta nortasun agiria edo familia liburua aurkeztu.

Gipuzkoan, urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da neurria indarrean. 12 urtetik beherako haurrek Mugi gazte txartela izan beharko dute doan bidaiatzeko. Hasieran, txartela gidariari erakutsi beharko diote, eta hark paperezko txartel bat emango die, baina autobusetako eta trenetako sistemak egokitu nahi dituzte luze gabe, doakotasuna balioztapen automatikoaren bidez aplikatu ahal izateko.

Euskadiko Garraio Agintaritzak abenduaren 23an erabaki zuen 12 urtetik beherakoek garraio publikoa doan erabiltzeko neurria ezartzea eta garraio publikoko %50eko deskontuak luzatzea. Eustaten datuen arabera, 130.400 haur baliatuko dira neurri horretaz: 22.000 Araban, 65.000 Bizkaian, eta 43.300 Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.