Nafarroako Auzitegiak 21 urteko eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dio 2021eko uztailean Murchanten bikotekidea hil zuen gizonari. Adostasunez ezarri dute epaia: gizonak hogei urteko zigorra onartu du hilketagatik, sei hilabetekoa ohiko tratu txarrengatik, beste seikoa babes neurria urratzeagatik, eta beste seikoa ausarkeriaz gidatzeagatik. Izan ere, labankadaz hil zuen Maria Pilar Berrio, haren bi seme-alaba adingabeen aurrean, errepidean autoz jarraitu eta istripua eragin ostean.
Epaiak frogatutzat jo du biktimaren eta hiltzailearen artean bikote harreman bat izan zela, eta gizonak tratu txarrak eman zizkiola. Emakumeak salaketa jarri zuen, eta gizonari urruntze agindu bat ezarri zioten, baina behin baino gehiagotan hautsi zuen; besteak beste, Berrio hil bezperan. 43 urte zituen andreak, eta Gasteizkoa zen sortzez.