21 urteko kartzela zigorra Bilbon bikotekideari su eman zion gizonari

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo du erasotzailea «hiltzeko asmoz» aritu zela. Epaian ez dute indarkeria matxistatzat jo hilketa saioa.

Biktimari babesa emateko Bizkaiko Auzitegiaren aurrean egindako agerraldia, joan den maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Biktimari babesa emateko Bizkaiko Auzitegiaren aurrean egindako agerraldia, joan den maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 13a
13:00
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 21 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati, 2022ko apirilaren 30ean Bilbon orduko bikotekideari su emateagatik. Erasoak zauri larriak eragin zizkion emakumeari. Halere, epaian ez dute indarkeria matxistatzat jo erasoa, eta zirkunstantzia larrigarri hori ez dute aintzat hartu zigorra ezartzerakoan.

Auzitegiak frogatutzat jo du akusatua «hiltzeko asmoz» aritu zela, eta haren xedea zela ziurtatzea emakumeak ez zuela haren kontra deklaratuko gizonak irekia zuen beste auzibide batean. Horretarako, erregai bat bota zion emakumeari, eta hura lo zegoen bitartean su eman; hala, «erredura oso larriak» eragin zizkion, batez ere aurpegian. Bikotea bizi zeneko Atxuri auzoko lonjan eta ondoko eraikinean ere kalte materialak eragin zituen suteak.

Epaiak erabat baztertzen du suizidio saiakeraren hipotesia, auzibidean aurkezturiko frogen argitara, bai eta sutea berez sortu zenekoa ere. Hala ere, auzitegiak ez du indarkeria matxistatzat jo hilketa saioa: «Frogatuta dago akusatuak biktimaren bizitzaren kontrako atentatua egin zuela bere burua babestearren biktimak beste auzibide batean egin zezakeen edozein akusazioren aurrean; beraz, haren kontrako erasoa emakumea izateagatik izan zelako usteak indarra galtzen du».

Gizonari 18 urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketa saialdiagatik, bi urte eta lau hilabeteko beste zigor bat emakumearen deklarazioa indarkeria erabiliz galarazten saiatzeagatik, eta beste urtebeteko bat emakumearen sakelako telefonoa lapurtu eta handik datuak hartzeagatik. Biktimari 600.000 euro ordaindu beharko dizkio, hari eragindako kalteengatik. 28 urtez emakumearengana hurbiltzeko debekua ere ezarri diote.

Feministen salaketa

Epaian emandako arrazoibideak ez datoz bat mugimendu feministaren usteekin. Epaiketa hasi eta biharamunean, feministek elkarretaratzea egin zuten Bizkaiko Auzitegiaren aurrean, biktimarentzat «justizia» eskatu eta gertatutakoa «feminizidio frustratua» eta «eraso matxista» izan zela salatzeko. Feministek azaldu zutenez, hura ez zen lehenengo aldia gizonak bikotekidearekin «indarkeria fisikoa eta psikologikoa» erabiltzen zuena, eta haren azkeneko lau bikotekideek harekin harremana eten zuten «tratu txarrengatik» eta «etengabeko jazarpenarengatik».

Erakundeen babes falta ere kritikatu zuten feministek agerraldi hartan, eta esan zuten Ertzaintzaren komisarian biktimaren senideei ez zietela kasurik egin salaketa jartzera joan zirenean. Emakume migratzailea da biktima, eta adierazi zuten kasu horietan indarkeria matxista «egiturazko arrazakeriarekin» eta «emakume migratzaileek bizi duten errealitate gordinarekin» gurutzatzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.