Euskal Konfederazioak agerraldia egin du Baionan, EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau partaideei eskatzeko euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politika bat proposa dezatela. «Nola egin 2050ean euskaldunen kopurua %30 izan dadin, euskararen bizirautea segurtatzeko?», galdetu dute. «Hori da EEP osatzen duten erakunde publikoek egin behar duten galdera eta atzeman behar dituzten erantzunak». EEPren izaera eztabaidatuko dute hura osatzen duten erakunde publikoek ondoko asteetan, eta etorkizunean izanen dituen baliabideak erabakiko dituzte. Euskalgintzaren hitzetan, gaur egungo erritmoan segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzateke.
2004an sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua –Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza–, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Izaera juridikoz IEP Interes Publikoko Elkargoa da, eta bost urtean behin erabakitzen dute jarraituko duen ala ez, Frantziako Gobernuak egindako ebaluazio baten ondotik. Mahai gainean dagoen aukeretako bat da hemendik aitzina epe mugagabea ematea.
EEPren sorrera esperantzaz hartu zutela oroitarazi du Eneko Gorri konfederazioko kideak, eta emaitzak lortu direla. Baina orain arte bezala segituz euskara heriotzera doala abisatu du @berriapic.twitter.com/HJZBEjxsa8
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) October 19, 2023
Prozesu horretan, EEPren beharrak zehazteko lan dokumentua aurkeztu zieten hizkuntza eragileei eta Euskal Konfederazioari irailean. Bertan, Ipar Euskal Herriak ondoko urteetan izanen duen bilakaera demografikoa aztertu dute, eta araberan izan lezakeen euskal hiztun kopurua aurreikusi dute. Kasurik onenean, gaur egungo euskaldun kopuru bera litzateke, erdal mundu geroz eta handiagoan –EEPren kalkuluen arabera, hamar herritar berrietarik zortzi izanen dira frankofonoak, eta bi euskaldunak–. Biztanleriaren emendatzeak azken urteetako joerari segitzen badio, euskaldun kopurua %16tik behera izanen litzateke.
«Datu beldurgarri horiek ikusirik, EEPk ez du euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politikarik proposatzen. Haien proposamen bakarra da orain arte bezala segitzea», deitoratu du Konfederazioak. «Zein dira EEPren helburuak datutan, euskaldun osoak trebatzeari begira? Nola eta zer epetan? Nola piztuko du euskararen erabilera?», galdetu dute. Izan ere, xehetasunik eta ebaluazio irizpiderik ez da ageri ondoko urteetarako hizkuntza politika eguneratzea helburu izan beharko lukeen dokumentuan. «Nola bultzatu euskararen biziberritzea holako helbururik ez bada finkatzen?».
Lehendakari berria
Gaur arratsaldean dute biltzar nagusia EEPko partaideek, eta lehendakari berria izendatuko dute. Maider Behotegi departamenduko hautetsiak hartuko du Antton Kurutxarriren lekukoa. Behotegik kargua hartzearekin batera, instituzioen arteko negoziazioa abiatuko da, EEPko aurrekontuari zenbateko ekarpena eginen dioten finkatzeko; erakunde bakoitzak laurdena ematen du, estatutuen arabera. «Euskalgintzak hamarkadetan frogatu du ez dagoela ezinbesterik, eta behar diren ahaleginek, ezinbestekoak diren inbertsioek, emaitzak ematen dituztela», adierazi du Konfederazioak.
Hala, Behotegiri mintzatu zaizkio: «Lehendakari berriari eskatu nahi diogu ausarta izan dadin, helburu ausartak finka ditzan, eta araberako baliabideak ezar ditzatela estatuak, eskualdeak, departamenduak eta elkargoak». Joan den otsailean gutun bana igorri zieten instituzioetako lehendakariei euskalgintzaren prekaritatea salatu eta baliabide egokirik gabe euskara biziberritzea ezinezkoa zela adierazteko. «Ez dugu sekula erantzunik izan...», deitoratu dute.
EEPren biltzar nagusia aitzin, euskalgintzako kideek prentsaurrekoan zabaldutako testua banatu diete erakundeetako ordezkariei. Behotegik ere hartu du hitza: «Inkesta soziolinguistikoak oinarriak eta erronkak finkatu ditu. Urte bukaerarako iritsi beharko litzatekeen ministerio arteko ikuskatzearen beha gaude, eta horrek ere norabide bat emanen digu, aurrekontuei begirakoa ere bai», adierazi du. «Beharren orduen artean da, baina uste dut badirela beste aterabide batzuk ere, erakunde bakoitzak dituen eskumenen arabera. Konfiantzaz beteak eta baikor segituko dugu, erronkaz ohartuak baikara».
Behotegik baieztatu du badakitela «gaitzeko erronka» dela, eta horretan lan eginen dutela. Haatik, 2050erako hiztun kopurua %30era heltzeari buruz ez du kopururik finkatu nahi izan helburu gisa. «Anbiziotsu izan behar da, bai, badakigu lana badugula egiteko, badakigu proportzio hori emendatu behar dela. Ez naiz gai gaur errateko zerfinkatuko dugun, ez baitakit nola definitua izan den, Unescok ezarritako helburua dela entzuteaz harago».
Euskaltzaleak, «adi»
Hemendik aitzina, instituzioarteko negoziazio hurbiletik segituko du Euskal Konfederazioak, «ondoko aste eta hilabeteetan euskararen geroa baita jokoan». Ipar Euskal Herriko hautetsiei dei egin die, bidenabar, «egoeraren neurria har dezaten eta eginahalak egin ditzaten egoera hau errotik aldatzeko hizkuntza politiken obratzeko». Euskaltzaleak ere «adi» egotera deitu ditu.
Azkenik, Konfederazioak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4ko deitu duen mobilizazioarekin, eta Ipar Euskal Herriko euskaltzale guziak deitu ditu bertan parte hartzera.