Europako Parlamentuak deskarbonizazio prozesua azkartzearen aldeko botoa eman du gaur. Hain zuzen ere, gutxienez %60 murriztea Europar Batasuneko (EB) berotegi gasen isurketak 2030erako, 1990koak oinarritzat hartuta. Europako Batzordeak proposatutako %55ekoa baino helburu handinahiagoa da, beraz, parlamentuak onartu duena, baina estatu kideek abendura arte dute aukera euren jarrera zein den erabakitzeko.
Klima Legearen barruko zuzenketa baten bidez onartu dute isurien murrizketa handitzea parlamentuan. Zuzenketa horrek, legearen testu osoa onartu ondoren, bidea irekiko du estatuekin hitz egiteko. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak irailaren erdialdean proposatu zuen Europako Batasuneko 2030erako berotegi gasen isuriak % 55 murriztea, eta 2050ean karbono neutraltasunera iristea.
Proposamen horren aurka bozkatu du, besteak beste, EAJko diputatuak.
Europako Batasuneko gobernuetako ordezkariek horri buruzko goi bilera bat egingo dute urriaren 15 eta 16an, eta hor erabakiko dute nola erdietsi daitekeen Europako Batzordeak ezarri duen isurketen murrizketa (%55 2030erako). Azken erabakia abenduan hartuko lukete. Abenduaren 10 eta 11n egingo duten goi bilera batean adieraziko luke estatukide bakoitzak zein diren bere konpromiso berriak Parisko Hitzarmenarekiko.