Espero gabeko argazkia utzi dute Frantziako Asanblearako hauteskundeek Ipar Euskal Herrian. Hiru diputatuak Fronte Popular Berrikoak izanen dira, eta, lehen aldiz, ezkerreko abertzale bat diputatu izanen da Parisen. Eskuin muturra agintera ailegatzeko arriskua ezin da baztertu analisitik, baina ondorioa nahiko argia da: EH Baik ezin du irabazi Frantziako ezkerra gabe, eta Frantziako ezkerrak ezin du irabazi abertzaleak kontuan hartu gabe.
Hautagaitzak osatzeko orduan ezarri zen eskema goraipatu dute ezkerreko abertzaleek hauteskundeen balorazioa egitean: Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aitortzea, interes orokorreko gaietan lorturiko adostasunak defendatzea eta printzipio horiekin bateragarriak diren hautagaiak izendatzea. «Uste dugu elementu zentrala dela lurralde honetako eragile politiko guziek eskema hori kontuan hartzea».
Izan ere, EH Baik Fronte Popularrean parte hartzeko lortutako akordioa funtsezkoa izan da, eta pentsa daiteke eragina izanen duela ondoko urteetan ere, hala nola 2026ko herriko bozetan. Euskara koofiziala izatea, Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari begiratzea eta halako aldarrikapen abertzaleak bere egin dituzte diputatu eserlekua lortu duten hautagaiek; frantses nazionalista jakobinoak bazter gelditu dira.
Capdeviellek hautagai izan nahi zuen 2017ko arantza kendu eta Lasserreri gailentzeko, PSk ez zuen hautagai potentzialik Biarnoko hainbat hautesbarrutitan, eta Pereira babestea oso konplikatua zen abertzaleentzat, haren soslaia ikusita
Ekainaren 14an jakinarazi zuen EH Baik Fronte Popularra integratu zuela, eta hiru hautesbarrutietako hautagaiak adostu zituztela. 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle eta Alain Iriart; eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau eta Marie Hegi-Urain. Alta, hasieran ez zen eskema hori aurreikusia: bezperan Parisen lortu zuten akordioan, 5. hautesbarrutia Frantzia Intsumisoari zegokion. Ostiral goizean, hautagai izendatu zutela jakinarazi zuen Sandra Pereira LFIko Angeluko (Lapurdi) hautetsiak —NUPESen hautagaia izan zen 2022an—. Iturri batzuen arabera Henri Etxeto PSko Baionako hautetsia aipatu zuten haren ordezko izateko aukera gisa. Frantses nazionalista jakobino ezagunak dira biak ala biak. EH Baik agiria bidali zuenean, telefonoa itzali zuen Pereirak.
Mugimendu abertzaleak azken urteetan izan duen bilakaerak garrantzia izan du, baina, itxura guztien arabera, planetak lerrokatu dira, bakoitzaren interes pertsonal eta kolektiboak nahasita. Capdeviellek hautagai izan nahi zuen 2017ko arantza kendu eta Lasserreri gailentzeko, PSk ez zuen hautagai potentzialik Biarnoko hainbat hautesbarrutitan, eta Pereira babestea oso konplikatua zen abertzaleentzat, haren soslaia ikusita.
Emmanuel Macronek hauteskundeetara deitu eta Frantzian Fronte Popularra osatzeko aukera agertzen hasi zenetik, elkarrizketa bat baino gehiago izan ziren Ipar Euskal Herrian aliantza hori lortzeko: batetik, PS eta EH Bairen artekoak, Frederique Espagnac eta Iñaki Etxanizekin, besteak beste. Baina Frantzia Intsumisoko arduradunekin ere izan ziren solasak Parisen, hala nola G7koen aurkako 2019ko kontragailurrean egindako kontaktuen bitartez. Hautesbarrutien banaketa aldatu eta bosgarren hautesbarrutia PSren esku uztea lortu zuten horrela. Departamenduaren Biarnoko aldean diren lehen eta hirugarren hautesbarrutiak LFIkoen esku gelditu ziren.
Abertzaleak ez, frantses nazionalista jakobinoak dira ekuaziotik bazter gelditu behar dutenak. Abertzaleek bi urte dituzte ideia hori mailukatzeko
Ondotik, PSren departamendu kontseiluak eta Frantziako nazio kontseiluak berretsi zituzten hautagaitzak, tartean Dufaurena. «Erran zuten seigarren hautesbarrutiko hautagaitza euskal erregionalista bati utziko geniola, eta inork ez zuen adierazi ez zela ados», kontatu zuen Capdeviellek berak biharamunean. Frantziako ezkerrean, horrek poza piztu zien batzuei. «Badirudi Colettek [Capdevielle] hautesbarrutiak trukatzea lortu duela, eta biziki pozik naiz», adierazi zuen telefonoan EELVko Ipar Euskal Herriko arduradun batek ostiral hartan. PCFk, aldiz, agiri bat atera zuen «sekretupean» egindako aliantza hori salatzeko. Abertzaleen aldekoa zen tantoa.
2020ko herriko bozen bigarren itzuliko kanpainan, Etxetorekin aliantza egiteko prest agertu ziren Baionan ezkerreko abertzale batzuk, haren figura legitimatzeko arriskua hartuta. Beste abertzale askorentzat pentsaezina zen frantses jakobino batekin batzea. Tentsioak eragin zituen horrek. Azkenean, bigarren itzulian hautagairik ez aurkeztea erabaki zuten, eta Jean Rene Etxegarairen eskuineko zerrendak irabazi zuen. Frantziako ezkerrean, abertzaleak jo zituzten ezkerrak galtzearen erruduntzat, beste behin. Lau urte beranduago, abertzaleekin irabazi du ezkerrak. Ondorioa argia da: ezkerreko indarrak batzen direnean eta Euskal Herria aitortzen duten hautagaitzak aurkezten dituztenean lortzen dituzte emaitzarik onenak. Abertzaleak ez, frantses nazionalista jakobinoak dira ekuaziotik bazter gelditu behar dutenak. Abertzaleek bi urte dituzte ideia hori mailukatzeko.
Euskal Elkargoko lehendakaritza
Beti da konplikatua hauteskunde batzuetatik besteetarako proiekzioak egitea, baina emaitzak parekatzeak argibide batzuk eman ditzake. 2020ko herriko bozak COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduak baldintzatu zituen, eta parte hartzea biziki apala izan zen. Aldi honetan, eskuin muturra boterera heltzeko beldurrak piztuta, aspaldi ez bezala mobilizatu dira herritarrak hauteslekuetan. Era berean, jakina da herritarrek ez dutela berdin bozkatzen Frantziako Asanblearako eta herriko etxerako. Elementu horiek ahantzi gabe so egin behar zaie emaitzei.
Hego Lapurdiko hainbat herritan abertzaleek bultzatutako ezkerreko zerrenda zabalek irabazi izana izan zen albiste nagusietako bat 2020an. Azken bi asteetan, Fronte Popular Berriak emaitza horiek berretsi ditu, hein batean: aise irabazi du Urruñan eta Hendaian. Garaipen estuagoa izan da Ziburun —berrehun botoren aldearekin gailendu zen NFP lehen itzulian; ehun bat botoren aldea lortu du bigarrenean—. Uztaritzen ere lehen indarra izan da ezkerreko aliantza. Lau kolore ageri ziren Ipar Euskal Herriko mapan lehen itzuliko gauean: Lapurdi kostaldean zentro-eskuinarena, Aturrialdeko herrietan eskuin muturrarena, eta barnealdeko parte batean eskuin kontserbadorearena. Gainerakoan, ezkerraren gorria zen nagusi.
2026ko herriko bozetan berriz halako emaitzak lortzea eta ahalik eta herriko etxe gehien eskuratzea izanen da ezkerreko abertzaleen erronka. 2020an Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko prest agertu zen Alain Iriart EH Baiko kidea, baina alderdikideek bidea moztu zioten. Etxegarairen hautua hobesten zutela adierazi zuten gutun publiko batean mugimendu abertzaleko hainbat pertsona ezagunek ere. Frantziako Asanblearako funtzionatu duen ezkerreko aliantzaren konfigurazioa herriko bozetan ere baliatuko balitz, hirigune elkargoan hautetsi gehiago eskuratuko lituzkete ezkerrak eta abertzaleek, eta, hala, bestelako indar harreman bat ezarri.
Lapurdiko hiri nagusietako emaitzak erabakigarriak izanen dira alde horretatik, horiek baitituzte elkargoan ordezkari gehien. Horien artean da Baiona. Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian 3.500 botoren aldea atera zion Capdeviellek Florence Lasserre zentro-eskuineko hautagaiari. Lasserre ez da Etxegarai Baionan, eta Capdevielle Parisen izanen da 2026an —edo ez?—. Lanak izanen dituzte Frantziako ezkerrak eta ezkerreko abertzaleek ontzat emanen duten hautagaitza bat adosten; baina batzuk hasiak dira kalkulu horiek egiten.
Barnealdeko herrietan, herriko bozetako hautagaitzek alderdi politikoen eskemak gainditu ohi dituzte. Hautatuak direnak abertzaleen kontrako aurkari sutsuak ez badira, Iriarten sostengu izan litezke elkargoan. Etxegarairen kudeaketa kritikatu dute herri txiki anitzetako hautetsiek azken urteetan.
Eskuin muturreko botoak
Frantziako Asanblearako hauteskundeetan eskuin muturraren alde egin dutenek herriko bozetan zer jarrera izanen duten, hori da argitzeko dauden auzi handienetako bat. Ipar Euskal Herrian Batasun Nazionalak 44.214 boto eskuratu zituen lehen itzulian; 52.885 bigarren itzulian. Baionan eta beste hiri handi batzuetan izan ezik, orain arte ez da eskuin muturreko hautagaitza ofizialik izan herriko bozetan, eta izan direnek emaitza apalak lortu dituzte. Eskuineko hautagaien boto erreserba gisa hartzea da logikoena, baina ezin argi jakin nora joko duten.
Haatik, pentsa daiteke eskuin muturrak lortu dituen emaitzek eskuineko hautagaien diskurtso xenofobo eta arrazista askatuko duela. Hori izan da azken urteetako joera. Frantziako Gobernuaren immigrazio legea bozkatu zuen Max Brisson LRko senatariak, eta behin baino gehiagotan egin ditu musulmanen kontrako adierazpenak. Baliteke Errepublikanoek diskurtsoa gogortzea ondoko urteetan. Baina zentro-eskuinean ere lerratzeak izan daitezke: migranteen kontra mintzatu zen Christian Deveze Ensembleko seigarren hautesbarrutiko hautagaia bigarren itzulian Dufaurekin izan zuen eztabaidan —Korrikan migranteak Irundik Hendaiara pasatu izana leporatu zion—. Zaintzekoa izanen da ondoko urteetan batzuek eta besteek garatuko duten diskurtsoa.
Oraindik bi urte eskas dira 2026rako. Tarte horretan, Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala bultzatzeko mugimendua berriz abiatuko da, eta horri begirako posizioak argitu beharko dituzte talde politikoek. Aurreikusten da Frantziako Estatuan erregimen krisi bat izanen dela, eta edozer gerta daiteke. 2026 bihar da, eta oraindik asko falta da.