Espainiako Auzitegi Nazionalak jarri du data «ongietorrien» auziko epaiketa egiteko: 2026ko ekainaren 22tik 25era bitarte izango da. Manuel Garcia Castellon epaileak iazko martxoan itxi zuen instrukzioa, behartuta, eta hark eta fiskalak Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio epaitzearen alde egin zuten, biktimak umiliatzearen delitua egotzita.
Ikusi gehiago
Carlos Garcia-Berro fiskalak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu sei kideentzat: hiru urte eta sei hilabete «erakunde kriminal bat zuzentzeagatik» eta bi urte eta hilabete bat «biktimak umiliatzearen delituagatik». Era berean, eskatu du ekitaldietarako materiala konfiskatzeko, eta Kalerainfo aldizkaria eta hari lotutako zenbait sare sozial ixteko, besteak beste. Argudiatu zuen zantzuak daudela haiek epaitzeko «terrorismoaren biktimak etengabe umiliatzeagatik eta ekintza terroristetan parte hartu dutenak goratzeagatik». Zehazki, 2016tik 2020ra bitartean «presoak omentzeko ekitaldiak» antolatu izana egozten die, horretarako Kalera Kalera dinamika eta bestelako gizarte mugimendu batzuk baliatuz.
Gainera, beste hiru akusazio partikular ere badaude auzian: Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak, eta Alderdi Popularra. Dignidad y Justiciak eta PPk sei urteko zigorrak eskatu dituzte «gaizkile erakunde bateko» kide izateagatik, eta bi urte eta zortzi hilabetekoak «biktimen umiliazio eta gorazarre delitu jarraituengatik». AVTren kasuan, bigarren delituagatik eskatutako zigorrak hiru urtekoak dira.
Auziko instrukzioa luzea eta gorabeheratsua izan zen. Amaieratik hasita, Garcia Castellon instrukzio epaileak hura gogoz kontra ixtera behartuta ikusi zuen bere burua, hala agindu baitzion Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak, «oinarri juridikoak falta» zirela esanez. Hala iritzi zion Garcia-Berro fiskalak ere. Hark «ikerketa prospektibo bat» sustatu nahi izatea leporatu zion epaileari: «Ez da delitua euskal herritarra izatea; ez da delitua presoa izatea; ez da delitua elkarrizketatzea; ez da delitua bakoitza nahi duen norabidean aritzea politikoki».
Izan ere, Garcia Castellonek 2023ko urrian itxi zuen instrukzioa, eta fiskalak urtarrilean eskatu zion hari epaiketari bide emateko, prozedura laburtura igarotzeko autoa emanda –auzipetzearen baliokidea–. Epaileak, baina, PPren eta Dignidad y Justicia elkartearen eskaerei men eginez, instrukzioa berriz luzatu nahi izan zuen. Horretarako aitzakiatzat hartu zituen Sorturen eta Sare Herritarraren Telegrameko talde batzuk, eta argudiatu jende gehiago ikertzeko aukera egon zitekeela.
«Jazarpen judizialeko estrategia»
Sortuk «jazarpen judizialeko estrategia» baten barruan kokatu zuen auzia, zigor eskaeren berri izan zuenean. «Justiziaren erabilpen politikoaren, hau da, lawfare-aren beste adibide bat da», adierazi zuen Altunak. Horretarako bi argudio nagusi baliatu zituzten. Batetik, jada «iraganeko kontua» direla halakoak, urteak baitira ez dela halako ekitaldi publikorik egiten, «besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea izan duten biktimen ahotsa eta iritzia jaso dituelako». Bestetik, aurrez zenbait elkartek halako ekitaldien kontra «banan-banan eta sistematikoki» jarritako salaketa guztiak «automatikoki» artxibatu zirela.
Hala, Aiert Larrarte abokatuak sei lagun horiek deliturik egin izana ukatu zuen zigor eskaeren berri izan ostean, eta euskal presoei egindako harrera ekitaldi guztiak «kausa orokor baten barruan» sartu nahi izana salatu: «Delitua moldatuz eta biktimen umiliazioa kontzeptu juridiko bihurtu nahian». Hain zuzen, kritikatu zuen auziaren atzean Guardia Zibilaren txosten bat dagoela, non Poliziak «estrategia politiko, biolento eta kriminal batekin» lotu zituen ekitaldi horiek.
2018ko otsailean Lopez Ruiz, Garmendia eta Miren Zabaleta Sortuko kideak atxilotu zituzten. Gerora, auzi berari lotuta, 2020ko urtarrilean Lopez Ruiz bera, Garmendia, San Vicente eta Altuna atzeman zituzten; eta 2021eko uztailean, Saez de Egilaz eta San Epifanio. Denera, hamabost lagun ikertu zituzten instrukzio fasean, baina fiskalak eta epaileak sei epaitzearen alde egin zuten. Era berean, epaileak Kalerainfo aldizkaria eta www.kalerakalera.eus webgunea ixteko agindu zuen orain dela hiru urte, «terrorismoa goratzeko» tresna zirela iritzita.