Esker oneko mintzatu dira Sareko kideak larunbateko manifestazioaren biharamunean. Euskal presoak justizia arruntaren bidetik etxeratzeko garaia dela aldarrikatzeko, milaka lagun elkartu ziren Bilbon, eta biharamunean egin dute balorazioa Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek.
Mobilizazioaren leloari jarraikiz, gogora ekarri dute gatazka behin betiko amaitzeko garaia dela, eta bi premisa nagusi daudela horretarako. Batetik, biktima guztiak errespetatzea eta alderdi politikoek ez erabiltzea interes propiorako. «Biktimei babesa eta errekonozimendua eskaini nahi dizkiegu guk», azpimarratu du Atxak.
Ikusi gehiago
Eta bestetik, «nola ez», ezinbestekotzat jo dute euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia amaitzea. «Badaude modu arinago batzuk ere espetxe zigor horiek betetzeko, eta horixe azpimarratu nahi dugu hemendik aurrera».
Sareko kideek nahi dute 2025a «benetako bakerako urtea» izatea, eta horren alde egiteko eskatu diete askotariko alderdi, eragile eta estamentuei. Besteak beste, galdegin dute Eusko Legebiltzarrak aurreikusi duen espetxe politika aplikatzea.
Amaitzeko, Atxak gogorarazi du aurten hamar urte bete direla Guardia Zibilak Sareri 100.000 euro konfiskatu zizkionetik. Horrekin lotuta, bizumkada egitasmoa abiarazi dute azken asteetan, eta izan duen harrera onagatik ere eskerrak eman ditu eledunak.
Ikusi gehiago