Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daude. Hala ziurtatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 9an. Gaur beste agerraldi bat egin dute Kontseiluko bazkideek, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), eta zera aldarrikatu dute: 2025ean urrats bat egin beharra dagoela, larrialditik indarraldirako bideari ekin behar zaiola. Eta iragarpen bat egin dute: mobilizazio sozial «handi» bat prestatzen ari dira 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren inguruan. «Prozesu baten emaitza izango da, beste ziklo baten abiaburua. Ez da erronka makala, baina itxaropentsu eta prest gaude». Oraingoz, ez dute zehaztu mobilizazio hori nolakoa izango den; datozen hilabeteetan adostuko eta jakinaraziko dituzte ezaugarriak.
Ikusi gehiago
«Ez da erraza inoren egoera larria dela aldarrikatzea, are gutxiago norberarena. Baina, zoritxarrez, nabarmenak dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia eten egin dela erakusten duten zantzuak». Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Larrialditik indarraldira adierazpena irakurri du, eta bata bestearen atzetik zerrendatu ditu larrialdi gisa izendatzeko ikusi dituzten arrazoiak. Bat: «Eremu euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Datuetara etorrita, hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak». Bi: «Bere lurraldeko eremu zabal batean, euskarari ukatu egiten zaio ofizialtasuna, nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera; ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazioaren eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra». Eta hiru: «Globalizazioaren egungo aldaera homogeneizatzailearen eraginez, hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta minorizatuak are eta zaurgarriago».
«Hizkuntz politikan aurrerapauso sendoak eman ezean, bizigarritasun soziala galtzen hastekotan gaude»
IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Horiek guztiak aintzat hartuta, Eskisabelen hitzetan, iruditzen zaie «behartuta» daudela adieraztera euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Eta ohartarazi du: «Indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia etorriko da; hizkuntz politikan aurrerapauso sendoak ematen ez badira, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hastekotan gaude».
Ekiteko garaia
Alabaina, Eskisabelek nabarmendu du ez dela arrangurarako dei bat, «are eta gutxiago etsipenerakoa»: «Larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa da». Ziurtatu du «buru-belarri» arituko direla larrialditik indarraldirako bide hori bultzatzen, osatzen, egiten. Izan ere: «Garaiz gaude euskarari eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko».
Argi dute horretarako zer egin behar den. Lehenengo, hauxe: «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea agenda politikoaren eta sozialaren ardatzean jarri behar da». Eskea egin diete erakundeei, agintariei, eta, oro har, eragile politikoei eta sozialei. «Lehen mailako auzi politikoa da, urgentea, eta erabakimenez heldu behar zaio».
Horrekin batera, Eskisabelek ziurtatu du Euskalgintzaren Kontseiluko kideak eutsi egiten diotela iazko azaroaren 4ko manifestazioaren ostean hartutako konpromisoari, euskararen normalizazioa berriro noranzko egokian jarriko duen akordio soziopolitiko bat bideratzeko erantzukizunari, larrialditik indarraldirako bidea bultzatuko duen gizarte ituna lantzeko asmoari.
«Garaiz gaude euskarari eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko»
IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Eskisabelen esanetan, 2021ean erein zuten akordio horren hazia, Batuz Aldatu dinamikari esker, Euskal Herriaren luze-zabaleko 110 eragile sozial ados jarrita euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren bi oinarriren gainean: ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskaraz aritzeko eremu erosoak bultzatzeko konpromisoan. «Amaitzear den 2024 honetan, Kontseiluaren eginkizun nagusietako bat izan da akordio bide hori sakontzea; Batuz Aldatu dinamikaren barrutik sortutako talde eragilea lagun hartuta, abiaburuko bi norabideak mami zehatzagoz betetzea». Datorren urtean emango dute lanketa horren berri.
Eragileei eskaera egin diete, aipatu dute Euskalgintzaren Kontseiluaren konpromisoa ere, baina uste dute larrialditik indarraldirako bideari ekitek, «denen» beharra dagoela, «euskararen alde, hizkuntza berdintasunaren alde gaudenena, eta, funtsean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sinesten dugun guztiona».
Horregatik, herritar oro animatu dute prozesuaren parte izatera. «Guztiok daukagu ekarpena egiteko aukera», esan du Eskisabelek. Adibide batzuk jarri ditu: «Egunerokoan euskaraz arituz eta aritzea erraztuz, euskaltegietara joateko urratsa eginez edo ingurukoak animatuz, euskal herritar berriei euskara eskainiz, hizkuntz eskubideen urraketak gertatzean euskararen telefonora edo Behatokira joz, hastear den Durangoko Azokan euskal kulturaren unibertsora hurbilduz. Finean, euskaraz biziz, euskaraz bizitzeko aukera emanez...».
Alabaina, egunero ekarpena egiteko ez ezik, 2025ean aukera egongo da ekarpena elkarrekin egiteko ere: Euskaraldia prest dute udaberrirako, eta, Eskisabelen arabera, gonbidapenak izango dira mobilizazio sozialerako ere. «Eskuz esku eta besoz beso, elkarren ondoan aritzeko proposamenak izango dira. Berriro diogu: prozesu honek guztion beharra du, guztiok egin dezakegu ekarpena». Esperantzaz mintzatu da Eskisabel: «Itxaropenez eta ekimenez jantzita, jar gaitezen etorkizunera begira. Garaiz gaude. Bagoaz larrialditik indarraldirako bideari ekitera. Eskuz esku, besoz beso. Euskaraz bizi nahi dugu, eta euskaraz biziko gara. Etorkizuna euskaraz!».