«Kultur izpien» egitaraua aurkeztu dute gaur Azpeitiko Ikastola Ikasberriko arduradunek, ikasleen ondoan: Kilometroak 2024 jaiaren inguruan urte osoan egingo diren ekitaldien sorta. «Helburu handidun» ekintza «xume» asko izango dituela nabarmendu dute. Azpeitian egingo da aurten Gipuzkoako Ikastolen jaia.
Egitaraua herriko nahiz kanpoko eragileekin izandako harremanen «emaitza» dela nabarmendu dute. Jaiarentzat aurten hautatu dituzten hiru ardatzetan sakontzeko era emango dute: euskararen, kulturartekotasunaren eta herrigitzaren inguruan egituratu dituzte guztiak.
«Kanpora begirako» ekitaldiak izango dira, baina, era berean, ikastolako komunitateak «barrura begirako» lanketak egingo ditu ekintza bakoitzaren inguruan. Ikastolako Artezkaritzako kide Alaitz Epeldek, Kilometroak 2024ko koordinatzaile Gorka Artolak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Alaitz Perez de Arenazak eta hainbat ikaslek hartu dute hitza egitaraua aurkezteko agerraldian.
Inauterietan ja utzi dute aurtengo jaiaren lorratza, eta egitarau oparoa dute orain aurrean. Horra gertukoenak:
Otsailaren 17an hasi eta urriaren 19a bitartean, adibidez, Tutera-Azpeitia bidea egiteko era eskainiko dute, etapa bakoitzean Nafarroako hainbat txoko ezagutzeko, eta leku bakoitzeko egoera soziolinguistikoari ere erreparatzeko. Lagun Onak Mendi Bazkunarekin antolatu dute.
Martxoaren 2an Zurak eta ezpalak deitu duten proposamena izango da. Ikastolaren lehen urratsetan jardun zuten haiei ikastetxeko ateak zabalduko dizkiete, eta ikasleei emango diete hitza, aitzindari haiei azal diezaieten zer-nola ikasten duten egun ikastolan. Jai giroan egingo da, «belaunaldien arteko» harremana sustatzeko.
Martxoaren 10ean Beskoitzera (Lapurdi) bisita egingo dute, hango ikastola egoera zailean baita bertako herriko etxearen erabakien ondorioz. Ikastolen arteko elkartasun keinu bat izango da, eta elkarren berri izatekoa. Martxoaren 14an Korrika hasiko da, eta horren inguruan ere egingo dituzte ekintzak.
Ekainean jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.