Ibilaldian parte hartzera deitu dute, laster baita: maiatzaren 26an

Getxoko San Nikolas ikastolak antolatuko du aurtengo ikastolen jaia, 'Txonbo' lelopean. Bizkaiko udalerri horretan ospatuko den laugarren Ibilaldia izango da.

Arzubiaga, Bañales eta Arrizabalaga, Ibilaldiaren aurkezpenean, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arzubiaga, Bañales eta Arrizabalaga, Ibilaldiaren aurkezpenean, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko maiatzaren 14a
14:46
Entzun

«Murgildu gaitezen, bada, euskaraz, maiatzaren 26an», animatu du Josune Bañales Bizkaiko Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaur, 46. Ibilaldiaren aurkezpenean. Aurtengoa Getxon ospatuko da, laugarrenez, maiatzaren laugarren domekan.

Getxoko San Nikolas ikastola arduratuko da aurtengo Ibilaldia antolatzeaz. Jaiak «eskaintza erakargarria» izango duela azpimarratu du Gaizka Arrizabalaga ikastolako zuzendariak. Lau gune egongo dira herrian zehar: San Nikolas ikastola bera, San Nikolas plaza, Algortako Portu Zaharra eta Ereaga hondartza. Gune bakoitzean eskaintza berezi bat egongo da: tailerrak, bazkariak, umeentzako jarduerak, kontzertuak eta topaketak, besteak beste. «Ibilaldia arrakastatsua izango dela konbentzituta gaude», ziurtatu du Arrizabalagak. 

Lehenengo gunean, San Nikolas ikastolan antolatuko denean, hasiera emango diote egunari, harrera ofizial batekin. Herri bazkaria egingo dute gune horretan, eta beste zenbait ekitaldi eta gonbidatu izango dira: Zurrumurruen aurkako ipuin Kontaketa, bertsolariak, Itxartu dantza taldea, Yogurinha eta DJ Kaktus, adibidez.

Bigarren gunean, San Nikolas plazan, herri kirolak, azoka, tailerrak eta topaketak egongo dira. «Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko gune ezin hobea izango da. Ikas komunitatearentzat, plaza hau gure elkartokia da urte osoan, eta, alde urbanotik, uste dugu haren eskaintza oso erakargarria dela», azaldu du Arrizabalagak.

«Hirugarren gunea ere oso entzutetsua da, denok maite dugulako Algortako Portu Zaharra», adierazi du ikastolako zuzendariak, eta aurreratu du askotariko musika eskaintzaz gozatzeko aukera izango dutela hara joaten direnek. Euskaltel txirrindularitza tailerra ere egongo da han.

Ereaga hondartzan jarriko dute laugarren gunea, umeentzako jarduera ugari izango dituena, Arrizabalagak esan duenez: «Familiarentzako gune egokia izango dugu». Besteak beste, Go!azen telesaileko ikuskizun bat egingo dute.

Getxok 2002an hartu zuen azken aldiz Ibilaldia, orain dela 22 urte. Hori nabarmendu du Unai Arzubiagak, San Nikolas ikastolako lehendakariak: «Iruditzen zitzaigun bazela garaia Getxok ere bultzada bat emateko Ibilaldiari berari, baita inguruko eragileekin eta erakundeekin bat jaia ospatzeko ere».

Sei zehar lerro izango ditu 2024ko Ibilaldiak; horietako nagusia euskara izango da. Besteak parekidetasuna, jasangarritasuna, partaidetza, inklusioa eta bestelako balioen sozializazioa izango dira.

Euskaraz blai

Txonbozangada, murgil, mustada, pikanbera eta pulunpe hitzen sinonimoa— izango du lelotzat aurtengo aldiak. Izenaren aukeraketa kontatu du Arzubiagak: «Hainbat arrazoirengatik aukeratu genuen Txonbo. Bat da izena bera indartsua dela, bai ahoskera, bai esanahia. Berba honek esan nahi du uretan murgiltzea, eta gure nahietako bat da jendea euskaraz murgiltzea eta blaitzea». Ibilaldiaren logoak «uretara txonbo egitean sortzen den ur zipriztina» erakusten duela azaldu dute aurkezpenean. 

Horrez gain, aipatu du jendeak askotan euskaraz berba egitekoan kanpoko hizkuntzetako neologismoak hartzen dituela. Txonbo hitzak erakusten du beste hizkuntzak ere euskaraz hornitu daitezkeela: «Euskal hiztuna ez den jende askok erabiltzen duen hitza da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.