Txinparta bizia euskararentzat lelopean, euskararen sustapenean nabarmendutako hiru entitate saritu ditu aurten Bai Euskarari elkarteak: Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma taldea. Gaur eguerdian egin dute sariak banatzeko ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak egin ditu aurkezpen lanak, eta, hiru irabazleei buruz, esan du lan handia egiten dutela euskararen erabilera areagotzeko: «Euskara lan munduan biziarazten duten txinpartak dira».
Kide Aholkularitzak Leitzan (Nafarroa) eta Donostian ditu bulegoak, eta 2013tik daukate Bai Euskarari ziurtagiria. Lantalde osoa euskalduna da, eta euskaraz lan egiteko hautua egin zuten. «Euskara ez da zerbitzu eta lan hizkuntza soilik, motorra ere bada, motibazio iturria. Ahaleginak egin dituzte urtez urte, eskaintzen duten zerbitzuan hobekuntzak egiteko. Sektorea oso erdalduna da, eta erabiltzen diren programa, aplikazio eta dokumentuak ez daude euskaraz jatorrian. Denboran eta dirua inbertitu dute, bezeroei ahalik eta zerbitzu gehien eskaini ahal izateko euskaraz. Eta horretan jarraitzen dute», azaldu du Bai Euskarari elkarteak, ohar batean.
Izarkom enpresak ere euskaraz «bizi eta lan egiteko hautua» egina duela nabarmendu dute sariak emateko ekitaldian: «Haientzat ez da zerbitzu edo lan hizkuntza soilik, beren izaeraren oinarrian dagoen zerbait baizik». Izarkomek 2021ean lortu zuen Bai Euskarari ziurtagiria, eta euskara lehenesten du bai zerbitzuei bai bezero arretari dagokienez ere.
Ulma taldea Oñatin sortua da (Gipuzkoa), eta, Bai Euskarari elkarteak azaldu duenez, ardatz gisara hartua du euskara sustatzea: «Ulmaren parte da euskara, eta urte asko dira euskara plana dutena. Langileen hizkuntza eskubideen alde egiten dute, euskaraz lan egiteko aukera emanez. 2006an hasi zuten lanketa Bai Euskarari ziurtagiriarekin».