2023aren azterketa feminismoari begira: gazia bezain gozoa izan da

Euskal Herriko 170 emakume feminista eta subiranista bildu dira Talaia Feminista Unean, Errenterian. 2023aren koiuntura analisi feminista egin dute, eta ondorioak lantzeko eta behin betiko testua ixteko baliatu dute saioa.

Talaia
Talaia Feminista Unea, gaur goizean, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 17a
14:05
Entzun

Talaia Feministak Euskal Herrian 2023ak emandakoa aztertu du, begirada feministatik eta subiranistatik. Urtarrilaren amaieran aurkeztu zuten behin-behineko txostena, eta bertako edukiak eta ondorioak gaur landu dituzte Euskal Herriko 170 emakume feminista, subiranista eta independentistak Talaia Feminista Unean, Errenterian (Gipuzkoa). Aurrerapausoak eta atzerapausoak egon direla ondorioztatu dute.

Euskal Herriaren egoera feminismoan oinarrituta aztertzeko, Talaia Feministak sei gaitan banatutako txostena ondu du: klima krisia, greba feminista orokorra, bizitzaren garestitzea, euskararen aurkako oldarraldia, indarkeria matxista eta abaia —soineko arabiarra— debekatzea. Gaur, alabaina, ondorioak orokorrean eman dituzte. Izan ere, Maider Barañano Talaia Feministako talde sustatzaileko kideak azaldu duenez, dokumentuan sei puntu banatu badituzte ere, errealitatean elkarrekin lotuta daude, eta gurutzatu egiten dira: «Saiatu gara ulertzen, esaterako, zelan txirikordatzen den indarkeria abaiaren debekuarekin». Hori horrela, «ikuspegi orokorra eta sistemikoa» erabili dute dokumentua osatzeko.

Eta zer erakusten du 2023ko analisiak? Gozoa bezain gazia izan da. Edo alderantziz. Atzerapausoekin abiatu da Barañano, eta ongizatearen pribatizazioa aipatu du: «Prekarizatze eta pobretze prozesu orokortuak ari gara bizitzen». Barañanoren esanetan, ongizatea gero eta gehiago dago merkatuen edo emakumeen lan ordaindu gabearen esku, eta urteon egon den inflazioak ere kalte egin duelakoan dago.

Ongizatearen pribatizazioa, alabaina, ez da izan aurten atzeraka egin den arlo bakarra, Barañanoren arabera: indarkeriaren eta beldurraren erabilera ere presente egon da, «bere dimentsio guztietan». Halaber, «horri oso lotuta», eskuin muturraren eta haren agendaren «normalizazio bat» ere nabaritu dute, aldi berean lotura duena euskararen aurkako oldarraldiarekin eta oro har sistemaren erreakzio batekin.

Eta, azkenik, hirugarrena: klima krisi «geldiezin bat»: «Ez da gauza abstraktu bat; orain eta hemen, Euskal Herrian, eragina dauka, baina askoz eragin handiagoa dauka beste lurralde batzuetan, lurralde horiek biziezinak bihurtu arte».

Atzerapauso horiek ikusita, konponbiderako bideak ere marraztu ditu Barañanok: «Ezinbestekoa da despribatizaziorako bidea hartzea». Beste era batera esanda: «Bizitzen jarraitu ahal izateko, merkatutik eta familietatik atera behar da ongizatearen ardura, eta, alde horretatik, ongizate horrek utzi egin behar dio emakumeen ordaindu gabeko lanaren eta emakumeen lan ordaindu prekarioen bizkar egoteari». Landutako ardatz guztietan ikusi dute gisa horretako bideak zabaltzeko beharra, «burujabetzarantz edo euskal estatu feministarantz egiteko». Baina zergatik? «Despribatizazioak, desmerkantilizazioak eta desfamiliarizazioak ematen ditu erremintak geure burua eta gure komunitateak gobernatu ahal izateko, botere gehiago eduki ahal izateko eta botere hori antolatu ahal izateko».

«Bizitzen jarraitu ahal izateko, merkatutik eta familietatik atera behar da ongizatearen ardura».

MAIDER BARAÑANOTalaia Feministako talde sustatzaileko kidea

Ordea, atzera bezala aurrera ere egin delakoan daude. Adibidez, feminismoak eta haren erronkek hegemonia soziala dutela iruditzen zaie. Gainera, Barañanok ziurtatu du badutela erresistentziak antolatzeko gaitasuna, eta feminismoak eragin egiten duela: «Erresistentziak berrartikulatzen ari gara; lurraldeari oso lotutakoak dira, lekukoak, eta sistema bere osotasunean inpugnatzera datoz. Alde horretatik, konplexua den errealitate baten aldean, erakutsi dugu badagoela erresistentziak eta askotariko subjektuak artikulatzeko gaitasuna».

Eta feministen agendan iaz gorriz margotutako gertakizun bat ere izan du mintzagai: azaroaren 30eko greba feminista orokorra. Horrek zenbait sektoretan izandako eragina nabarmendu du: «Adibidez, greba feminista orokorra planteatzeak berak eta antolatzeak erakusten digu nola lanaren kontzeptua eraldatzen ari den». Aldi berean, horri lotuta, «sindikalismo berri bat» ere antolatzen ari direla ikusten du, «eta ez bakarrik zaintza sektoreetan». Mugimendu feministaren ekina fruituak ematen ari delakoan dago: «Ari gara grebaren kontzeptua zabaltzen, erasoena zabaldu den bezala, eta hau guztia mugimendu feministaren lanaren ondorioetako bat ere izan da».

Egindakoa gizarteratzeko ordua

2022ko abenduan plazaratu zuten Talaia Feminista, eta Euskal Herriko hainbat emakume feminista, subiranista eta independentistak osatzen dute. Euskal Herria 2023an aztertu dute lehenengoz urteko ikuspegi feminista batekin. Gaur behin-behineko txostena aztertu dute, eta, horretarako, txostenean landutako sei gaiak plazaratu dituzte lehenengo: Edurne Benito del Vallek  «eguraldiaren iragarpena» —klima krisia— aztertu du; Jule Goikoetxeak, greba feminista orokorra; Amaia Perez Orozcok, bizitzaren garestitzea; Lorea Agirrek, euskararen aurkako oldarraldia; Maite Barreñak, indarkeria matxista; eta Elorri Arinek, abaiaren debekua. 

Aurkezpenak eginda, parte hartzaileek txostenaren edukiak eta ondorioak eztabaidatu dituzte, eta horiek kontuan hartuta idatziko dute behin betiko txostena. Hurrengo erronka ere zehatua dute: dokumentu hori eragile politikoekin eta sozialekin landuko dute, «jendarte feminista bat eraikitzeko bidean eragiteko, euskal estatu feminista ortzi mugan dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.