2023an izandako hamabost eraso LGTBIfoboren berri eman dute Donostian

Donostiako Udalak plazaratutako txostenaren arabera, eraso kopurua aurreko urteetakoen antzekoa da. Eraso gehienak hitzezkoak izan ziren, baina eraso fisikoak ere ugaritu dira apur bat.

Eraso LGTBIfobikoen kontrako elkarretaratze bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Eraso LGTBIfobikoen kontrako elkarretaratze bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 16a
13:00
Entzun

Donostiako Udalaren Aniztasun, Inklusio eta Berdintasun Sailak eraso LGTBIfoboen inguruko iazko txostena aurkeztu du, eta, haren arabera, iaz gutxienez hamabost eraso izan ziren Donostian. Hirugarren txostena da orain aurkeztutakoa, eta, aurreko urteetakoekin alderatuta, datuek ez dute «gorabehera handirik» izan: 2021ean hemeretzi eraso izan ziren, eta 2022an, berriz, hamazortzi. Txostenean jasotzen denez, «kontuan hartu behar da ez direla gertatutako eraso guztiak salatzen, eta denbora ibilbide luzeagoa behar dela joerak berresteko».

Eraso mota zabalduena hitzezkoa da: horrelakoak izan dira salatutako erasoen %42. Eraso fisikoak %33 izan dira, eta hor gorakada txiki bat egon da, aurreko urtean %29 izan baitziren. Diskriminazioa (%12) eta mehatxuak (%8,3) ere zenbatu dituzte txostenean.

Eraso gehienak, homofoboak

Erasoen erdiak baino gehiago (%53,3) homofoboak izan dira. Transfobiarekin lotutako erasoak %26,6 izan dira, eta orokorrean LGTBIfobiarekin lotutako hiru eraso egon dira, gorroto diskurtsoekin zerikusia dutenak. Kasu gehienak plaza publikoan gertatu dira, eta %13,3 izan dira eremu pribatuan. Bestalde, eraso gehienak udan gertatzen dira, zehazki ekainean eta abuztuan: txostenean jasotzen denez, seguru asko «garai horretan interakzio sozial handiagoa dagoelako» gertatzen da hori.

Erasotzaile gehienak gizonezkoak dira: %80. Biktimei dagokienez, erdiak gizonak dira, %18 emakumeak, %6,3 bestelako genero adierazpenen bat dutenak; kasuen %25etan ez da biktimen generoa ezagutzen edo zehazten. Gehienetan, erasotzailea pertsona bakar bat izaten da, eta taldeka egindako erasoak gutxitu egin dira: zazpi izan ziren 2022an, eta lau 2023an. Biktimek, berriz, bakarrik daudenean edo bikotekidearekin daudenean jasan ohi dituzte erasoak.

Zaira Garcia Lafonte teknikariak egin du ikerketa, eta, horretarako, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak jasotako erasoak, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzura eta Donostiako Udalaren Berdintasun Sailera bideratutako salaketak eta azterlanaren egileari mezu elektronikoz zuzenean jakinarazitakoak hartu dira kontuan.

Cristina Lage zinegotziak azaldu du horrelako txostenak «oso tresna baliotsuak» direla «kolektiboko pertsonek bizi dituzten gorabeherak zein diren jakiteko eta kolektiboak zer eskaera egiten dituen ezagutzeko». Datozen urteetan lan horretan jarraitu nahi dute, eta horrela «joerak behatzeko aukera emango duen ikuspegi panoramiko bat lortzea» espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.