2021. urteko Korrikaren nondik norakoak aurkezteko ekitaldia behar zuenak bestelako albistea ekarri du: euskararen aldeko mobilizazioa ez da datorren urtean egingo, egoerak hala baldintzatuta. Martxoan Gasteizen zen hastekoa 22. Korrika, baina antolatzaileek erabaki dute 2022ra atzeratzea. Uda aurretik esana zuten datorren urtekoari eutsiko ziotela, baina ezin izan da horrela izan: «Bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude». AEK-k ez du aurreikusten epe motz zein ertainean osasun egoera kontrolatuta egongo denik, eta horregatik jendetza batzen duen ekitaldia atzeratzea erabaki dute, «pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko». Bideoa: urtebete atzeratuko dute Korrika (Lara Madinabeitia, BerriaTB).
[YouTube]https://youtu.be/ZtTWM8tAjaI[/YouTube]
Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldian eman dute erabakiaren berri, eta onartu Korrika atzeratzeak hutsunea sortuko duela: «Erabaki latza da, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu». Areago, Korrikak berak duen garrantziaz jakitun dira antolatzaileak, eta horregatik esan dute beharrezkoagoa dela Korrika denek desiratzen duten baldintzetan egitea, eta ez ordezko eskas bat. «Izan ere, euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua; eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek».
AEKrentzako ere kolpe handia izango dela esan dute, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio baitu Korrikak. Horregatik, agerraldia aprobetxatu dute helduen euskalduntzean egin beharrekoak aldarrikatzeko. «Inbertsioak areagotu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian».
2021eko Korrikarik ez da egingo, eta orain AEK-ko kideek denbora gehiago hartuko dute normaltasun berria nondik nora doan ikusteko, eta era horretan jakiteko nola antolatuko duten 2022ko lasterketa. Korrikaren faltan, euskararen aldeko egitasmoen babesa berretsi dute AEKko ordezkariek, eta Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Bideoa: 2019ko Korrikaren amaiera ekitaldiari buruzko Korriklika BERRIAren saio berezia (Lara Madinabeitia eta Julen Aperribai, BerriaTB).
[YouTube]https://youtu.be/_3cR11EmztM[/YouTube]