2020ko udan hasitako «kutsaldi epidemikoa» bukatutzat eman dute Nafarroan

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du 2020ko uztailean hasitako zikloa amaitua dela herrialdean; birusa ez da uxatu, halere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurriak urrian arindu ahal izatea espero du Jaurlaritzak.

Zenbait herritar Iruñeko Gazteluko plazan paseoan. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 22a
14:06
Entzun

«Herrialdearen eremu gehienetan ez da birusaren zirkulaziorik, eta kasuak toki gutxitan ari dira zabaltzen. 2020ko uztailean hasi eta hamalau hilabete iraun duen zirkulazio epidemikoaren epea bukatu egin da Nafarroan»: hitz horiek erabilita deskribatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak pandemiak gaur egun Nafarroan duen indarra. Batik bat, birusak herrialdean dituen kutsatze kateen hedadura hartu dute aintzat hori ondorioztatzeko. Intzidentziari buruzko datuetan ere jarri dute arreta: irailaren 13tik 19ra bitarteko egunetan, 100.000 biztanleko 32 kasu atzeman dira.

Hala eta guztiz ere, institutuak argitu du iragarpen horrekin ez dutela esan nahi birusak hedatzeari utziko dionik. «COVID-19a endemikoki edo urtaro jakin batzuetan zirkulatzen duten gaitzen zerrendan jasotzen ahalko da». Are, azaldu dute birusak eragina izan lezakeela, esaterako, udazkenean edo neguan. Horiek horrela, institutuak txostenean zehaztu du herrialdean COVID-19aren zirkulazioa dagoen bitartean ezinbestekoa dela prebentzio neurriei eustea, birusa ez baita desagertu. «Txertaketa beste neurri batzuekin uztartu behar da, maskararen erabilerarekin adibidez», diote txostenean. Hain zuzen, adituek adierazi dute COVID-19aren kontrako txertoa dela ospitaleratze eta heriotza kopurua murriztu izanaren arrazoi nagusia.

Arauen leuntzea, urrian

Eusko Jaurlaritza ere baikor da pandemiaren bilakaerari dagokionez. Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko buruak gaur goizean azaldu duenez, Jaurlaritzak espero du urriaren hasieran aukera egotea neurriak leuntzeko. «Espero dugu datuen bilakaera onak neurri murriztaileen arintzeari bide ematea, bizitza soziala hain baldintzatua izan ez dadin». Halaber, balizko leuntze horien gaineko aurreikuspenak zehaztu ditu Fernandezek: «Ordutegien, edukieren edo jarduerak egiteko moduen araudietan egingo diren moldaketek normaltasunera ahalik eta gehien hurbil gaitzaten da asmoa». Dena dela, argitu du normaltasun hori ez dela izanen «guztizkoa»; bai, ordea, «gertuko zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.